Astekaria

Dinabide irabazi asmorik gabeko elkarte bihurtu da

Guaixe 2022ko ira. 20a, 14:00

Dinabide irabazi asmorik gabeko elkarte bihurtzeko sinadura ekitaldian Mikel Arbeloa, Aitor Larraza, David Oroz eta Jose Julian Garziandia. SGA

Dirulaguntzak jaso eta proiektuen partaide izan daiteke. Elkarteak enpresen inplikazioa handitzea dakar.

Sakanako Garapen Agentziaren (SGA) eskutik, 2019ko maiatzaz geroztik Dinabide ibarreko enpresen berrikuntza eta eraldaketa digitala sustatzen ari da. Irurtzungo Udala sustatzaile handia izan  da, baina kudeaketaz orain arte SGA arduratu da. "Baina Dinabideren sorreratik egindako bidean ekimena eragile eta lurralde gehiagoren parte hartzera irekitzeko aukera eta egokitasuna ikusi da", azaldu du SGAko kudeatzaile Iker Manterola Mantxainek. Horregatik, hilaren 9an egindako bileran erabaki zuten Dinabideri lege izaera eman eta irabazi asmorik gabeko elkarte bilakatzea. Eratze batzar horretan elkartearen sustatzaileak dira SGA, Irurtzungo Udala, Sakanako Enpresen Elkartea eta NODO 4.0 elkartea. 

Sortu berri den elkartearen helburua izanen da Dinabidek orain arte egindako ibilbideari segida ematea. Horrekin batera, helburuen artean izanen du "enpresen berrikuntza eta eraldaketa digitala sustatzeko ekimen berriak sustatzea. Horretarako, prestakuntza eta ekintzailetzaz aparte, enpresen arteko elkarlana eta berrikuntza proiektuak izango dira lan ildo nagusiak".

Manterolak azaldu duenez, "Dinabide elkarteko helburuekin bat egiten duten enpresa eta eragileek kide izateko interesa badute, dagoeneko eskabideak aurkeztu ditzakete". Hurrengo pausoa izanen da elkartearen lehen batzarra ilbeltzerako deitzea. "Orduan zuzendaritza, bazkide berriak eta 2023 urterako ekintza plana onartuko dira". Kudeatzaileak azaldu duenez, aurretik martxan zeuden hainbat proiektu badituzte, esaterako, Iris proiektua hiru urterako dirulaguntza duena. "Eta betse proiekturen bat ere gauzatuko da", aurreratu du. 

Zergatia
Erakundetzeko zeuden aukeren artean aztertu eta Dinabide irabazi asmorik gabeko elkarte bihurtzearen alde egin dute. "Formatu irekia delako eta eragileen parte hartzerako erraztasuna ematen dutelako", azaldu du Manterolak. Azpimarratu duenez, "orain arte SGAk kudeatu du Dinabide eta beti izan ditugu kontuan enpresen iritziak. Baina orain bazkideak erabakigunean egotera pasako dira, enpresen inplikazioa handituko da, haien proiektu bat izatera ere pasa delako. Hori ere helburuetara iristen garela ziurtatzeko laguntza izanen da". 

Dinabidek Sakanan eragin nahi du, baina orain arteko ibilbidean jabetu dira "masa kritikoa" behar dela horretarako: kanpoko ezagutza eta baliabideak erakartzea, batez ere tekonologiari lotutakoak. "Horrela, ibarreko enpresei Sakanan bertarako eta kanporako elkarla ateak zabaltzen zaizkie. Lan esparrua Nafarroara zabaldu dugu". Sinergiak sortzeko aukera aipatzerarekin batera, halako teknologiko guneak hiriburuetatik kanpo egotearen garrantzia azpimarratu du.