Astekaria

Doluaren artelanak

Erkuden Ruiz Barroso 2022ko ira. 19a, 12:45

Jose Luís Cordón eta Nerea Zubikoa 'Nueve' erakusketaren egileak. JOSE LUIS CORDÓN

José Luis Cordón Cuesta argazkilariaren eta Nerea Zubikoa idazlearen 'Nueve' erakusketa mustu dute Irurtzungo Pikuxar euskal txokoan. Galera baten aurrean bizi behar den prozesuari buruz hitz egiten du.

Nerea Zubikoak eta José Luis Cordón Cuestak "aspaldi" elkar ezagutzen dute. Besteak beste, Zubikoa idazlea da eta 2019an, pandemiaren aurretik, New Yokera egindako bidaia baten ondoren poemak idazten hasi zen. Cordón argazkilaria eta bideogilea da. Biek "aspaldi" elkar ezagutzen dute, "17 urte genituenetik, duela 30 urte inguru", eta Zubikoari iruditu zitzaion "oso polita" izan zitekeela bi diziplinak proiektu batean elkartzea, "nire artea eta bere artea". Ondorioa Nueve fotopoema erakusketa da. Erakusketa urriaren 9ra arte Pikuxar tabernan ikusgai egonen da, eta irailaren 22an, 18:30ean, egileekin topaketa izanen da; bisita gidatu bat.

"Dolua lantzeko gai garrantzitsu bat iruditzen zait; guztiok pasa izan ditugu"

Dolua da erakusketaren gai nagusia. Dolu prozesuak dituen bederatzi egoeratik ibilbidea egiten du. Zubikoa: "Lantzeko gai oso garrantzitsu bat iruditzen zait. Guztiok pasatu izan ditugu doluak, eta gelditzen zaizkigunak". Dolua ez da bakarrik heriotza batengatik, bikote edo lagun harreman bat amaitzen denean, lan batean amaitzen denean, heriotza baten aurrean eta abar sufritzen da dolua, poetak esan duenez. "Dolua beti agertuko da, eta nahiko gai tabua da". Prozesuaren ikuspuntu "goxoa" eman nahi izan diote, "eta jende guztia sentitu gaitezke identifikaturik"

Prozesua
Guztira, urte bat baino gehiago egon dira erakusketa lantzen, Cordónek azaldu bezala. Arte lanak sortzeko orduan, prozesu "mistoa" izan da: "Alde batetik, Nereak bazituen zenbait poema idatzita eta horren gainean nik argazkiak egin ditut, eta, bestetik, nik banituen zenbait argazki eta Nereak horien poemak egin ditu. Elkarbanatu eta osatu dugu elkar". Izenburuak dioen bezala, bederatzi argazki eta poemek osatzen dute erakusketa: Vacío, Pedazos, Sin retorno, Perdida, Waiting time, Sarerik gabe, Induria, Casa eta Plenitud.

Bederatzi irudi eta poemen bidez doluaren prozesua azaleratzen du erakusketak

Erakusketan Cordónek egindako irudia eta Zubikoak idatzitako poema ondoan agertzen dira. Poemak gaztelaniaz idatzi zituen eta euskarara eta ingelerara itzuli dituzte ere. Proiektuaren webgunea sortu dute eta bertan irudiak ikusi eta testuak idatzi ez ezik, poemak hiru hizkuntzetan entzuteko aukera dago ere. Liburuxka bat sortu dute eta erakusketan saltzen dute. "Erakusketaren izaerarekin jarraituz, proiektu solidarioa izatea nahi genuen". Lortutako irabaziekin proiektua autofinantzatu eta proiektu solidarioendako bideratuko dituzte, besteak beste, orain, animalien babeslekuetara bideratuko dituzte lortutako irabazien zati bat.

"Elkarteak lagundu nahi ditugu. Babeslekuko boluntarioa naiz, eta animaliek dolu prozesutik pasatzen dira ere. Abandonatuak izan dira, eta errehabilitazioa oso zaila izaten da, prozesu oso luzea izaten da". Proiektuan erakusten duten prozesua, hain zuzen. "Denbora asko behar duten gizakian berriz konfiantza izateko". Erakusketako irudiak eros daitezke ere, eta pixkanaka hobetu nahi duten erakusketa bat da ere: "Webgunea elikatu nahi dugu, jendearen iritziekin; orain bakarrik bi argazki daude xafla metalikoetan inprimituta eta denborarekin denak horrela egotea nahi dugu...". Bizirik dagoen proiektu eta erakusketa bat da. Ibiltaria izateko eta hainbat tokitan erakusteko sortu zuten ere.

Iluntasunetik
Erakusketan dolu prozesutik ibilbidea egiten dute. Horregatik, lehenengo irudiak ilunagoak direla azaldu dute, eta, pixkanaka, prozesuan gertatzen den bezala, argitasuna agertzen hasten da. "Lehenengo argazkia muntaia bat da; baso bat agertzen da eta erdian emakumezko baten silueta agertzen da. Desarmea irudikatzen du, dolu bat sufritzen ari denean sentitzen den ezereza, galduta dagoela", azaldu du Cordónek.

Maiatzean mustu zuten erakusketa Iruñeko liburudenda batean, eta ondoren Zubiriko kultur etxera eraman zuten. Bertan Donejakue bidea egiten ari zen psikologo batek irudiak ikusi eta poemak irakurri zituen, eta erakusketa ikusi ondoren esan zuen lehenengo irudi hark bereziki, baina erakusketak orokorrean, oso ongi erakusten zuela doluaren prozesua. "Sentitzen dena oso ongi erakusten zuela esan zigun, baita momentu horretan ez zarela kontziente pasatzen ari zarenaz, eta profesional baten laguntza behar dela".


'Nueve' erakusketaren irudietako bat Pikuxarren. JOSE LUIS CORDÓN

Bigarren irudian abandonatutako eta kalamastratuko eraikin bat agertzen da, "pertsonak barrutik sentitzen duena erakusten du", baina kasu honetan argi pixka bat agertzen da, urrunean. Irudiak eta testuak metaforak dira, eta ondo osatzen dira. Esaterako, hurrengo irudian Zubikoa hilerri batean agertzen da, gurutze baten ondoan: "Metafora bat da, dolua eta mina lurperatzen ari da, eta behin lurperatzen duela aurrera egin dezake". Doluaren prozesuan iluntasuna dagoela, urduritasuna, hutsunea sentitzen dela eta ez dela horizonrik ikusten azaldu du Zubikoak, "eta iluntasun horretan gelditu nahi den arren, pixkanaka argitasuna ikusten du". Hortaz, dolu prozesuan dagoen pertsona behin abandonua, dolua, hutsunea eta bakardadea onartuta, "huts" hori betetzeko argirantz eta ongizaterantz joaten hasten dela azaldu du idazleak.

Zubikoa zenbait argazkitako protagonista da: ardo kopa batekin agertzen da batean eta Baztango Xorroxin ur jauzian beste batean. Naturak ere garrantzia handia du argazkietan, eta Nafarroa erakusketaren beste protagonista bat da: "Dena oso bertakoa izatea nahi genuen, Nafarroakoak gara eta Nafarroan egin nahi genuen proiektua". Esaterako, Deierriko ehun urtetik gorako artea agertzen da, Ekaiko zerrategi zaharra edota Aribeko larre batean egindako argazkia. Irudi bakoitzaren behean argazkia non egin den jarri dute ere, toki horri balorea emanez. Erakusketa "landa" eremuetan zabaldu nahi dute, gehienbat; Zubikoa: "Herri batean bizi naiz eta iruditzen zait kultur arloko gauzak hiriburuan gelditzen direla. Gure helburua ere bada kultura herrietatik sustatzea"

"Aspaldi elkar ezagutzen duten bi pertsonen batasunetik sortutako zerbait sortzailea da", esan du argazkilariak. Erakusketaren helburua doluaren prozesua ikusaraztea da. "Erakusketa ikustera joaten den pertsonak ikus dezake doluaren zer fasetan egon daitekeen eta gutxiago gelditzen zaiola argia ikusteko, ongi egoteko". Zertxobait "nahasi" dagoen gizarte honetan "hobe" sentiarazi nahi dute irudien eta testuen bidez. Gainera, irudia eta hitzak jarri dizkiote "pertsona askok sufritzen duten" errealitate bati. Nahiz eta prozesu bakoitza desberdina izan, jendea islatuta sentitu daiteke.


Jose Luis Cordón Cuesta, erdian, Pikuxarreko lagunekin. JOSE LUIS CORDÓN

Irurtzunen

Irailaren 22an, osteguna, 18:30ean, egileekin topaketa eta bisita gidatua eginen dute

Nueve fotopoema erakusketa urriaren 9ra arte egonen da Pikuxar euskal txokoko tabernan ikusgai. Erakusketa ongi ulertzeko ordena batean ikusi behar da, eta urriaren 22an, 18:30ean, Zubikoa eta Cordón Irurtzunen egonen dira egileekin topaketa bat egiteko. Bisita gidatu bat baino gehiago izanen da, artelan bakoitzaren nondik norakoak azalduko dituztelako, irudia non eta zergatik hartu den eta testuen hondora joanen dira ere.