Saihesbideko lehen faseko lanak aurreratuta daude, udalari jakinarazi diotenez lastailean despedituko dituzte. Eta orduan ibilgailu eta kamioi ugarik Irurtzun erdialdetik pasatzeari utziko diote. Baina dagoeneko herrian mugikortasun plana egiteko prozesua martxan da. ″Lehen kontaktuak egin ditugu herriko eragileekin eta kaltetuekin. Galdeketa ahalik eta irekiena pasa diegu haien iritziak jasotzeko″, azaldu du Aitor Larraza Carrera alkateak. ″Horrekin aurreneko proposamen bat eginen dugu eta parte hartze prozesu baten bidez Irurtzungo mugikortasun eredua zehaztuko dugu″, gaineratu du Larrazak. Alkateak ziurtatu duenez, plana egiteko ez dute ″ez prisarik, ez eperik. Gauzak lasaitasunez egin nahi ditugu, ahalik eta iritzi gehien jasotzeko″, argitu du.
Bestetik, saihesbidearen, Intxaurreta kalearen eta Lizarra kaleko 20 eta 24 zenbakien arteko espazioan urbanizazioa eginen da. 10.689,2 m2-ko eremuan 39 etxebizitza eraikiko dira. Larrazak jakinarazi duenez, ″administrazio tramiteak aurreratuta daude, eraikuntza proiektua eginda dago. Lanak urte bukaeran has litezke″.
Gainera
Irurtzungo Udalak liburutegi ondoan musika eskola eta 200 pertsonarendako auditorioa egin nahi ditu. ″Horren inguruan Nafarroako Gobernuarekin bi bilera izan ditugu finantziazioa lotzeko, eta beste kontu batzuengatik gaia geldirik dugu. Baina Toki Azpiegitura Planean sartu dugu″, azaldu du alkateak.
Aurrekontuetan ere herri baratzak egiteko proiektua du udalak. ″Dagoeneko lursailak udalaren izenean erregistratu ditugu. Gaian herrian lantzen lastailean hasi nahi dugu jendea baratzeekin 2023an has dadin″, argitu du alkateak. Bestetik, aurki kulturarteko diagnosiaren aurkezpena izanen dela iragarri du. Azkenik, barazki gunean aterpea egin ondoren han urtetan egondako karpari zer erabilera eman aztertzen ari da udala. Bitartean festetan eta La Peluso bizikleta probako egunean erabili zutela jakinarazi du.