Areto futbola

Garaipena ia eskutan

Guaixe 2022ko ira. 26a, 10:55
Osasuna Magnakoak, gola ospatzen. XOTA

Partida amaierarako 13 segundoren faltan talde berdeak penalti bat huts egin zuen

Ostiralean Osasuna Magna Xotak Jimbee Cartagena taldea hartu zuen Anaitasunan, Lehen Mailako Ligako bigarren jardunaldian, 1.300 zaleren aurrean. Giroa ederra zen, baina partida hasi baino lehen, beroketan, Osasuna Magna Xotako kapitain Roberto Martil irurtzundarra lesionatu egin zen eta Imanol Arregik hasiera planteamendua aldatu behar izan zuen. 

Osasuna Magnaren eta Cartagenaren arteko partida oso lehiatua izan zen, eta denetatik izan zuen. Imanol Arregiren taldea serio hasi zen, Cartagena estutzen, baina euren jaurtiketek ez zuten fruiturik izan 18. minutuan Tony Escribanok kontrako atea zulatu zuenera arte. 

Bigarren zatiko lehen minutuak Cartagenarendako izan ziren: Bebek berdinketaren gola sartu zuen eta berehala Xotatik Cartagenara joan den Raul Rochak murtziarren bigarrena sartu zuen. 1 eta 2. Jokalari berdeak berdintzen saiatu ziren, baina ezin, 37. minutuan Linharesek binakako berdinketaren gola sartu arte. Partida bukatzeko 13 segundo geratzen zirenean garaipena lortzeko aukera izan zuen Osasuna Magnak, baina Cartagenako atezainak Juninhoren penalti jaurtiketa geratu zuen eta puntu banaketarekin despeditu zen partida. 

Bide onean
Imanolen ustez taldea “ongi” lehiatu zen, “baina gauzak zuzendu beharrean gaude”. “Bigarren zatian ez gara ongi aritu. Akats asko egin ditugu, koordinazio falta izan dugu. Baina taldea partidara berriro lotu da, eta garaipena lortzeko aukera izan du. Nahiz eta puntu batek agian zapore gutxi izan, bukaera aldera edozer gerta zitekeen eta balorean jarri beharrekoa da” laburbildu zuen teknikariak. 

Hurrena, Manzanares
Lehen Mailan Levante da liderra (6 puntu) eta Xota hamaikagarren da (2 puntu). Larunbatean Osasuna Magna sailkapenean bosgarren den Quesos El Hidalgo Manzanares izango du aurkari Madrilen, 16:30ean (LaLigaSportsTV).