Areto futbola

Manzanaresek Xotak baino punteria hobea izan zuen

Guaixe 2022ko urr. 3a, 10:37

Berdeak modu guztietara saiatu ziren, baina ezin izan zioten partidari buelta eman. XOTA

Imanol Arregiren taldeak garaipena zer den jakin gabe jarraitzen du

Asteburuan Lehen Mailako areto futboleko hirugarren jardunaldia jokatu zen. Bi berdinketen ondoren Osasuna Magna Xota,garaipena lortzeko prest atera zen Manzanaresen kantxara, baina hiru puntuak Ciudad Realen gelditu ziren. 

Hasieran paretsu ibili ziren bi taldeak, baina berehala Xotaren lehen gola iritsi zen, Rafa Lopezek ate propioan sartutakoari esker. Ciudad Realgo taldeak ez zuen behera egin eta Xota estutu zuen, baina nafarrek eutsi zioten. Berehala, Manzanaresen berdinketa iritsi zen. Hortik aurrera jokoa gogortu zen. Gainera, talde bakoitza jokalari bat gutxiagorekin geratu zen, eta nahasmen egoera horretan Manzanaresek bi gol sartu zituen atsedenaldia baino lehen, eta markagailuan 3 eta 1 ezarri zuen. 

Bigarren zatian partidari buelta ematera atera zen Osasuna Magna. Berdeak modu guztietara saiatu ziren, baina Manzanaresek sekulako defentsa egin zuen. Hala ere, Carlos Ventok ateratako alboko sakea atean sartzea lortu zuen Juninhok, eta berdeak 3 eta 2 gerturatu ziren. Partida bukatzeko hiru minuturen faltan Imanolek Carlos Vento atezain-jokalari postuan jarri zuen eta behin eta berriz saiatu ziren nafarrak, baina markagailua ez zen aldatu eta 3 eta 2 galduta, lehen porrotarekin itzuli ziren nafarrak. 

Sailkapenean Barça da liderra (9 puntu) eta Osasuna Magna Xota hamahirugarren postuan dago (2 puntu). Datorren jardunaldian Osasuna Magna Xotak Inter Movistar taldea hartuko du Anaitasunan.