Sakana mendizaleen topaleku izan zen ostiralean; XXVI. Euskal Mendizaletasunaren Gala izan zen Altsasuko Iortia kultur gunean. Pyrenaica sariketa entzutetsua, mendi kirol sariketak, omenaldiak eta beste izan zituen. Euskal Mendi Federazioak eta Nafarroako Mendi eta Eskalada Federazioak elkarlanean antolatutako ekitaldia zen, Altsasuko Mendigoizaleak eta Dantzaleku Sakana kluben laguntzarekin. Ekitaldi garrantzitsu hau bigarrenez ospatu zen Nafarroan, eta igandean Euskal Herriko Erdiguneko Martxan abiatu zen prozesuari jarraiki, bi federazioak elkarlanean aritzeko sortu duten organo iraunkorraren fruitua da. Bi federazioak "bide berean eta sintonia berean" daudela nabarmendu du Irurtzunen bizi den Martin Montañes Alsasua Nafarroako Mendi eta Kirol Federazioko presidenteak.
Nafarroako Mendi eta Kirol Federazioko presidente zara 2012tik. Nola animatu zinen kargua hartzera?
Ez dakit engainatu ninduten edo nik neure burua engainatu nuen (kar, kar…). Sanduzelaiko Gaztaroa mendi klubeko kidea naiz. Nafarroako Mendi eta Kirol Federazioko asanbladetara joaten nintzen kluba ordezkatzera. Duela 20 urte gure klubeko Koldo Goñi izan zen federazioko presidentea. Juntan sartzea eskatu zidan, eta ni formazioaren atalean lan egiteko prest azaldu nintzen. Nafarroako Goi-Mendiko Eskolaren ardura hartzea proposatu zidan, eta 8 urtez egon nintzen jardunean. Presidentzia aldaketa egon zen, Txema Iriartek hartu zuen kargua eta eskolako arduradun izaten jarraitzea proposatu zidan, baina bere lan egiteko moduarekin ez nengoen bat eta utzi nuen. Eskolako alpinismo eta eskalada monitore gisa ibili nintzen. Lau urte barru, hausteskundeetarako hautagaitza bat prestatzen ari zirela eta ea juntarako animatuko ote nintzen etorri ziren ate joka. Formazioan jarraitzeko prest azaldu nintzen. Bat-batean presidenterako hautagaiak atzera egin zuela eta ni presidente aurkezteko eskatu zidaten: "federazioan oso estimatua zara, klubekin harreman onak dituzu, Goi-Mendiko Eskolan lan handia egin duzu…" halakoak. Beti pentsatu dut guztia prestatuta zegoela, ez zutela presidenterako hautagairik, baina ez didate inoiz hori baieztatu (kar, kar…). 2012tik presidente naiz. 2024an bukatuko dut kargua eta ez naiz berriz aurkeztuko, hori argi dut.
"Gurea federazio konplexua da, diziplina anitzekoa eta lan bolumen izugarria duena"
2024 urte berezia da. 1924ko maiatzaren 18an Federación Vasco Navarra de Alpinismo sortu zen Elgetan, urte luzez Euskal Herri osoko mendizaleen federazio bakarra izan zena. 2024an 100. urteurrena beteko da.
Federación Vasco Navarra de Alpinismo 63 urtez Euskal Herriko mendizale guztien federazio bakarra izan zen, baina Autonomia Estatuaren sorrerarekin federazioak autonomiaka antolatu zituzten eta hor sortu ziren Nafarroako Federazioa eta Euskal Mendi Federazioa (EMF). Azken honen barruan daude Arabakoa, Gipuzkoakoa eta Bizkaikoa. Federazio bakoitzak bere autonomiatik jasotzen ditu diru laguntzak, gure kasuan Nafarroako Kirol eta Gazteria Institututik. Duela bi urte Zigor Egia Euskal Mendi Federazioaren presidente izendatu zuten, eta berarekin harremanetan jarri nintzen bi federazioak elkarlanean hastea proposatzeko. Badakigu ezingo dugula garaiko Federación Vasco Navarra de Alpinismo delakoa berpiztu, baina elkarrekin lan egiteko organo iraunkor bat sortu dugu eta organo horrek zein marko juridiko edo zuzenbide esparru izango duen aztertzen ari gara orain. Badaude elkarlanean lan egiten duten federazioak, esaterako herri kirolak eta pilota, eta guztia aztertzen ari gara. Gure egitasmoa publiko egin dugu, igandean Euskal Herriko Erdiguneko Martxan ere hala berretsi genuen, eta Nafarroako Gobernua eta Eusko Jaurlaritza jakinaren gainean daude. 2024an bi federazioen 100. urteurrena ospatuko dugu eta ekitaldi mordoa ari gara antolatzen. Presidente kargua urteurren bereziaren ondoren uztea, bi federazioen nolabaiteko batasun horrekin, amaiera bikaina izango da.
DIZIPLINA ANITZEKOA
Zeintzuk dira Nafarroako Mendi eta Eskalada Federazioaren lan ildoak?
Gurea federazio konplexua da, diziplina anitzekoa, eta lan bolumen izugarria duena. Ilbeltzaren 1etik 31ra arte ez naiz aspertzen. Bulegoan ez gara gelditzen. Kirol arloan lau diziplinetan egiten dugu lan: eskalada, mendi lasterketak, eski taldea eta martxa nordikoko taldea. Formazioa eta segurtasun komitea ezinbesteko lan ildoak dira. Nafarroako Goi-Mendiko Eskola gure federazioaren oinarrietako bat da, formazioa lantzen baitugu bertan, eta formaziorik gabe segurtasun gutxi izaten baita. Gazteak trebatzeko teknifikazio taldea dugu ere bai. Bestalde, Nafarroako GR edo GRP mendi ibilbideen eta xenden sarearen mantenuaren eta homologazioaren ardura gurea da. Ekipamendu eta berrekipamendu komitea Nafarroako eskalada bideen mantenuaz arduratzen da, segurtasunerako ezinbestekoa. Horretarako Nafarroako Herrizaingo Departamentuko Babes Zibilarekin hitzarmena dugu. Azkenik, ingurumen atala dugu, Belaguako aterpea lantzen duen sekzioa, eta bestelako administrazio lanak.
Nola antolatzen duzue hau guztia?
Federazioan lan esparru edo batzorde ezberdinak daude, aipatu berri ditugunak. Bakoitzak bere autonomia du eta nik konfiantza osoa dut eurengan. Erabaki garrantzitsuak juntara edo asanblada orokorrera eramaten dira, eta bestelakoak batzorde bakoitzak hartzen ditu. Ni guztiaren jakitun naiz eta gehienbat arlo administratiboan aritzen naiz: administrazioarekin bilerak, federazioen arteko bilerak, Espainiako Federazioarekin (FEDME) bilerak eta bestelakoak.
"14.328 federatu ditugu, futbol federazioaren gainetik. Madrilen flipatzen dute"
Federazioko presidente izateaz gain, MAPSA Kooperatibako langilea zara. Nola moldatzen zara?
Agenda oso estua dut eta mugikorrari lotuta nago ia beti. Nola egiten dudan? Nire aisialdiari denbora asko kenduz. Inork ezin du imajinatu zenbat ordu diren. Eskalatzea izugarri gustuko dut, baina 5 hilabetez eskalatu gabe egon izan naiz. Oporretan irteeraren bat egiten dut. Aurten, esaterako, Joseba Arlegirekin Panticosan eta Pirinioetan eskalatzen egon ginen bospasei egun, baina ezin naiz 15 egun desagertu. Telefonoarekin konektatuta egon beharra dut beti. Istripuren bat edo gertatzen bada, han egon beharra dut. Gogoan dut Pumoriko istripua izan zenean Nafarroako Goi-Mendiko Eskolako arduradun nintzela. Halakoetan federaziokoek hor egon beharra dugu.
Nafarroako GR edo Mendi Ibilbideen Sarearen mantenua da zuen arduretako bat. Behin sarea deskatalogatu behar izan zenuten, Nafarroako Gobernuak urte batzuetan ez zizuelako dirulaguntzarik eman.
Garai nahasiak izan ziren. Orduko Nafarroako administrazioarekin ez ginen adostasunera heltzen, eta ikusita zenbait urtez dirulaguntzarik ez genuela jaso eta ezinezkoa zitzaigula kostu hori gure gain hartzea, Mendi Ibilbideen Sarea deskatalogatu behar izan genuen. Azkenean egoeraren larritasunaz jabetu ziren. FITUR-en Nafarroa berdea saltzen dute, Nafarroako GR eta Mendi Ibilbideen Sarea, eta sare hori ongi egon beharko da, hurbiltzen diren mendizaleen segurtasunagatik. Zorionez, adostasunera heldu ginen eta gobernu aldaketekin elkar ulertze hori hobea izan da. Dirulaguntza jasotzen dugu, eta gora egin du kopuruak. Nafarroako Gobernutik auditoria egiten digute, eta duela gutxi Nafarroako Kirol eta Gazteria Institutuarekin izandako bileran esan ziguten ibilbideak aztertzen egon zirela eta oso ongi markatuta daudela.
FORMAZIOA ETA SEGURTASUNA
Nafarroako Goi-Mendiko Eskola federazioaren pilareetako bat dela nabarmendu duzu, formazioa eta segurtasuna sustatzen baitu.
Nafarroako Goi-Mendiko Eskolak osasun bikaina du. Bere garaian Koldo Goñi presidentea zela eskolaren ardura hartu nuenean bestelako egoera zen, ia ia ez zegoen operatibo. Ez zegoen zuzendaritzarik ez eskolako aktibitateen arteko koordinaziorik. Zortzi urteko lan gogorra izan zen, baina eskola gutxika funtzionatzen hasi zen. Nafarroako Goi-Mendiko Eskola federazioaren ente formatibo eta pedagogikoa da, federazioaren oinarrietako bat. Pedagogikoa da gai teknikoetan federazioa aholkatzen duelako, eta formatiboa da formazioa eskaintzen dugulako. Eskalada, alpinismo, eski, orientazio eta bestelako ikastaroak eskaintzen ditugu. Finean, helburua da ikastaro hauek egiten dituztenak mendiaz eta euren zaletasunaz gozatzea, baina segurtasunarekin. Eta hori oso garrantzitsua da. Bestalde, segurtasun batzordeak Nafarroako Goi-Mendiko Eskolarekin lan egiten du amankomunean. Ikastaro batzuk antolatu ditugu, 25 eurotan, mendian segurtasuna lantzeko oinarrizko ikastaroak. Arrakasta handia dute, eta tokiak betetzen ari dira. Mendian ezbehar kopuru gehiago dago, eta hausnarketa egin behar dugu. Segurtasuna nahi dugu, eta hori formazioari lotuta dago. Jendea trebatu dadila, bere zaletasunaz modu seguruan disfrutatu dezan. Hori da eskolaren xedea.
"Beriain Nafarroako mendi istripuen puntu beltzetako bat da. Estatistikek hala erakusten dute"
Zenbat federatu daude Nafarroako Mendi eta Eskalada federazioan?
Egun 14.328 federatu ditugu. Nafarroan federatu gehien ditugun federazioa gara, futbol federazioaren gainetik. FEDME-ko bilerak ditugunean Madrilen flipatzen dute. 60 nafarretatik bat Mendi Federazioan federatuta dago. Presidente sartu nintzenean 8.600 lizentzia inguru genituen, konfinamenduaren ondotik booma egon zen eta 2.000 pertsona federatu ziren ia konturatu gabe, baina goranzko tendentzia horrek bere horretan jarraitzen du: 2022 urtea 14.018 lizentziekin despeditu genuen, eta egun 14.328 gara. Bestalde, 116 kirol klub dauzkagu.
Aldiz, Gabon Gaueko aurreko igandean Aralarko Mendigoizale Egunera igotzerakoan, mendi klubetako mendigoizale gehienak adinduak direla ohartzen zara. Betiko mendigoizaleak krisian al daude? Gazte jendea mendira doa baina bere kabuz?
Mendira modu indibidualagoan joaten da jendea, hori argi dago. Karmele Biurrun presidenteordea da mendizale klubak koordinatzen dituena eta gai hau mahai gainean jarri dute. Betiko klubek euren aktibitatea asko jaitsi dute. Batzuk Mendigoizale Egunera –aurten abenduaren 18an izango da– eta txango gutxi batzuetara ateratzen dira soilik. Ez dakigu gaiari nola heldu, zaila delako. Egungo gazte jendea oso indibidualista da, eta autobusarekin irteera egitea ez dute planteatu ere egiten. Furgonetan lau lagun bildu eta euren kabuz doaz mendira. Betiko mendigoizale kluben esentzia galdu da, baina banago gaur egungo egoerak bulkatuta esentzia hori berreskuratzeko moduan egon gaitezkeela, krisiak, gasolioaren garestitzeak eta bestek betiko kluben filosofiara eraman ahal digutelako. Gainera, autobusean gutxiago kutsatuko dugu. Dena den, orokorrean gazte jendeak ez du klub batean sartu eta konpromisorik hartu nahi. Ekitaldiak egotea nahi dute, baina ez antolatzea. Gizarte honetan bizitzea egokitu zaigu, baina dena den, itxaropen pixka bat badut.
"Nafarroako mendizaletasunarendako Belaguako aterpea zabaltzea behar bat zen"
Mendi istripuek gora egin dutela esan duzu. Geroz eta mendizale gehiago, istripuak egoteko probabilitate gehiago. Baina egia da ere askok mendira oinarrizko ezagutzarik gabe jotzen dutela, beharrezko prestakuntzarik gabe.
Historikoki ezbehar kopuru handia duen federazioa gara. Batetik, esandakoa. Geroz eta mendizale, eskalatzaile, mendi korrikalari, alpinista, senderista… gehiago, istripuak egoteko probabilitate gehiago. Hori horrela da. Pandemiaren booma gertatu zenean argi ikusi genuen: jendeak mendira jo zuen ia itsuan, eta horrek mendiko segurtasunean eragina izan zuen. Horregatik antolatzen ditugu segurtasun ikastaro gehiago. Bestetik, mendiko lasterketetan konturatzen ari gara korrikalari asko ahalik eta pisu gutxien eramateko eta azkarrago joateko jantzi eta bitarteko gutxiago erabiltzen dituztela, eta ahaztu egiten dira mendian bat-batean lainoa sartu daitekeela eta tenperatura jaitsi. Sakanako Ibilaldian gertatu izan da, Beriainen elur-bustia egotea eta jendea tirantedun kamisetekin ibiltzea, korrika, ia hipotermiarekin. Mendi lasterketetan aritzeko jendeak jakin behar du zein maila duen, lasterketa hori egiteko gai ote den eta behar bezalako kirol jantziak dituen. Mendi lasterketen inguruko formazio espezifikoa ere egiten dugu.
Mendi lasterketen gorakada izugarria izan da. Ildo honetan, atletismo federazioarekin hika-mika dago, atletismo federazioak trail lasterketak ere antolatu nahi dituelako.
Ni hika-mika honetan ez naiz sartuko. Ez naiz beste federazio batekin gerran sartuko. Atletismo federaziokoak urte asko daramatzate mendi lasterketetan sartu nahirik; ez dute inoiz aitortuko zergatik, baina guztiok badakigu zergatik den. Mendi lasterketen gorakada, esan bezala, izugarria izaten ari da. Gure lizentzia kopuru asko mendi lasterketetako korrikalarietatik dator. Federatzen diren klub asko ere mendi lasterketak antolatzen dituztelako da. Esan beharra dago ere mendi korrikalari asko diziplina askokoak direla: mendian korrika egiten dute, eskiatu, eskalatu…
Beriainen mendi istripu ugari daude. Nafarroako puntu beltzetako bat al da?
Beriain da Nafarroan mendi istripu gehien gertatzen den mendietako bat. Mendi ederra da, oso erakargarria, badirudi edonork igo ahal duela, baina bere zailtasunak ditu eta gertakariek eta estatistikek hala erakusten dute. Istripu asko daude betan, Nafarroako puntu beltzetako bat da. Pirinioetan elurra hasi bezain pronto jende andanak jotzen du bertara eskiatzera, piolet eta kranpoiekin elur eskalada egitera, arraketekin ibiltzera… eta, jakina, istripuak izaten dira ere. Mendiko eskiak izugarri egin du gora; Pirinioetan jende gehiago dago eskiekin oinez baino.
Mendi istripuak gertatu direnean kirolari gehienak federatuta daudela pentsatzekoa da.
Gehienak bai, baina ez guztiak. Garai batean eskalatzaile asko ez ziren federatzen, uste zutelako bideak oso ongi ekipatuta zeudela eta istripuen arriskua ez zela oso handia. Istripuak gertatzen direnera arte. Nafarroan jende asko doa mendira, eta guztiak federatuko balira agian federatuen kopurua bikoiztuko genuke. Istripuen kasuan, federatuta badaude gure seguruak berehala hasten dira lanean eta federaziotik behar bezalako laguntza ematen diogu kaltetutakoari eta bere familiari. Federatuta ez badaude, ezin dugu ezer egin, ez dugu eskuduntzarik.
Belaguako aterpea berritzea eta zabaltzea oso garrantzitsua izan da.
Zalantzarik gabe. Nafarroako mendizaletasunarendako Belagua zabaltzea behar bat zen. Askok esaten ziguten ez zutela berriro zabalik ikustea espero, pena ematen zuela erortzen ari zela ikusteak, eta horregatik mustutze ekitaldian mendizale asko hunkituta zeuden. Satisfazio handia da Belaguako aterpea zabalik eta martxan ikustea.
EUSKAL MENDIZALETASUNAREN GALA
Ostiralean Altsasun ospatu zen Euskal Mendizaletasunaren Gala festa polita izan zen.
Bai, jende asko bildu zen. Javier Ollo alkatearen ongi-etorriaren ondoren, Euskal Mendi Federazioren sariak eta oroigarriak banatu ziren eta ondoren Pyrenaica Sariak. Segidan, aurten zendutako Jesus Mari Garisoain "Txumarra" omendu zen. Anaitasunako mendi ordezkariak Prinioetako Zeharkaldiak antolatzen zituen eta oso ezaguna zen. Eta baita bi sakandar ere: 2016an Écrins eskalatzen ari zela zendutako Axio Aranburu altsasuarra, eta Joxemi Larrea mendizalea. Ekitaldian Tarima Beltzak, Dantzarimak eta dantzariek parte hartu zuten. Bukatzeko, afaltzera bildu ginen Zubeztia elkartean.
Federazioan egiten ari zareten lanarekin kontentu al zaude?
Guztia hobetu daiteke, baina federazioaren lan bolumena izugarrizkoa da eta batzorde guztiei garrantzia ematen diogu: formazioari, segurtasunari, mendi ibilbideen sareari, eskaladari, mendi lasterketei… guztiei. Uste dut federazioari buelta eman diogula, eta jendea etortzen zaidanean lan handia egiten dugula esatera, satisfazio handia sentitzen dut. Lan asko eginda, aisialdiari ordu asko kenduta, baina badirudi ongi gabiltzala. Bestalde, federazioan emakumeak sartzeko erronka lortu dugu: egun lau daude, horietatik bi gazteak, eta horrek asko pozten nau. Kritika konstruktiboak onartzen ditut, eta hitz egiteko prest nago beti.
Sakana mendizaleendako paradisua al da?
Nafarroako beste txokoak gutxietsi gabe, Sakana mendiaz gozatzeko toki ideala da. Eta erdigunean Beriain dugu. Irurtzunera bizitzera etortzerakoan mendiaren gertutasuna asko baloratu nuen. Etxetik aterata berehala nago Trinitatean, Txurregin, Beriainen, Agirin, Atan… Hemen bizi naiz, eta gozamena da.