Areto futbola

Osasuna Magnak gehiago merezi izan zuen

Guaixe 2022ko urr. 17a, 10:50

Osasuna Magnaren eta Inter Movistarren arteko partida intentsitate handikoa izan zen. XOTA

Imanol Arregiren taldeak hiruna berdindu zuen ostiralean Anaitasunan Inter Movistarren kontra jokatutako partidan

Osasuna Magna Xotak Inter Movistar hartu zuen ostiralean Anaitasunan, ligako oilarretako bat. Halakoetan, talde berdea hazi egiten da, eta hala gertatu zitzaion ere ostiralean, nahiz eta Dani Zurdo eta Tony Escribano jokalarien baja izan. 

Xotak hartu zuen jokoaren ardura, Anaitasunan bildu ziren 1.785 ikusleen gozamenerako. Lehia bizia izan zuten bi taldeek, aukera ederrekin, Roberto Martil irurtzundarrak Linharesek egindako alboko sakea Jesus Herrerok defendatzen zuen atean sartu zuenera arte. Baina Interrek lau minutu beranduago berdindu zuen eta atsedenaldia baino lehen 1 eta 2 aurreratu zen. 

Bigarren zatian Carlos Ventok bina berdindu eta Roberto Martil irurtzundarrak atzera ere Xota aurreratu zuen. 3 eta 2. Baina Interrek Asierrek defendatzen zuen atea eraso zuen behin eta berriz, hiruna berdindu arte. Azken minutura arte bi taldeak garaipenarengatik borrokatu zuten, baina partida puntu berdinketarekin despeditu zen eta Imanol Arregiren taldeak hirugarren aldiz jarraian berdindu zuen. 

Berdeek gehiago merezi zuten, sekulako partida egin zutelako, baina puntu bakarrarekin konformatu behar izan zuten.