Areto futbola

Imanolendako "sinestezina" da Santa Colomako partida galdu izana

Guaixe 2022ko urr. 24a, 09:37

Imanol, argibideak ematen. XOTA

Santa Colomako Mario Almagro atezainak Imanol Arregiren jokalarien etengabeko jaurtiketak maisuki ekidin zituen eta talde berdeak 3 eta 2 galdu zuen

Gezurra badirudi ere, Osasuna Magna Xota Santa Colomatik punturik gabe itzuli zen, 3 eta 2 galdu eta gero. Sinestezina, jokalari berdeek sortu zituzten gol aukera argiak kontuan hartuta. Baina zoritxarrak, eta Santa Colomako Mario Almagro atezainaren geldialdiek –Xotako atezain ohia maisuki aritu zen– hiru puntuak Katalunian utzi zituzten. 

Partida erritmo bizian hasi zen, eta bi taldeek aukera politak sortu zituzten, baina atsedenaldira husnako berdinketarekin iritsi ziren. Bigarren zatia hasi eta berehala Santa Coloma aurreratu zen, baina Osasuna Magnak ongi erantzun zuen eta Juninhok berehala berdindu zuen. Hala ere, pozak gutxi iraun zuen, Santa Colomak bigarren gola aurki egin zuelako. Partida zabalik zegoen eta Imanol Arregiren mutilak behin eta berriz saiatu ziren, baina Mario Almagro atezainak, Xotako atezain ohia hain zuzen ere, euren asmo guztiak zapuztu zituen. Arazoa okertzeko, Santa Colomak hirugarren gola sartu zuen. 3 eta 1.- 

Imanol Arregik Vento atezain-jokalari postuan jarri eta partida erotu zen. Xotak etengabe eraso zuen Santa Colomakoen atea, 38. minutuan Roberto Martil kapitain irurtzundarrak gola sartzea lortu zuenera arte. Erasoek segida izan zuten, baina zoritxarrak eta guztia gelditu zuen Mario Almagrok partidari buelta ematea ekidin zuten eta sinestezina badirudi ere, hiru puntuak Katalunian geratu ziren

Imanolendako, “hobeak”
“Gaur irabaztea merezi izan dugu. Berdinketa ere ez zen justua izango” adierazi zuen Imanolek partida bukaeran. “Partida hau galtzea sinestezina da. Mario Almagrok gelditu dituen guztiak, huts egin ditugunak... gol aukera argien kontua ere galdu egin dut. Izan ditugunekin soilik bi gol sartzea sinestezina da. Partidan hobeak izan gara, baina bi gol sartuta etxetik kanpo irabaztea oso zaila da. Izan ditugun aukerak kontuan izanda, hau azaltzea oso zaila da, baina baloiak sartu behar dira” nabarmendu zuen Imanol Arregik partida bukaeran. 

Cordoba, ostiralean
Lehen mailako areto futboleko liderra Barça da (15 puntu) eta Osasuna Magna Xota hamabosgarren postura jaitsi da (3 puntu). Ositralean Xotak Cordoba Patrimonio de la Humanidad taldea hartuko du Anaitasunan, 20:00etan (LaLigaSportsTV).