Esperientzien trukaketa

Erkuden Ruiz Barroso 2022ko urr. 24a, 13:57

Orritz eta Arrola dantza taldetako kideak Irurtzunen. UTZITAKOA

Duela bi asteburu Orritz dantza taldeko zenbait kidek emanaldia eskaini zuten Baigorrin. Bueltan, Baigorriko Arrola dantza taldeak jaialdia egin zuen larunbatea, Irurtzungo frontoian. Trukean ere dantza ikastaroak egin dituzte.

Baxe Nafarroako eta Euskal Herriko iparraldeko jauziak desberdinak direla aipatu du Irati Ollakarizketa Orritz dantza taldeko kideak. Aurreko asteburuan Orritzeko talde batek Baigorrin dantza jaialdia egin zuen, eta ondoren Arrola dantza taldekoek dantza bat irakatsi zien. Trukearen bueltan baxenafartarrak, larunbatean, urriaren 22an, Irurtzunen egon ziren eta dantza jaialdia eginen zuten frontoian. Arratsaldean dantzari irurtzundarrek dantza bat irakatsiko die bisitariei.


Baigorriko Arrola taldearen dantza jaialdia Irurtzungo frontoian. UTZITAKOA

Nafarroako Dantzarien Biltzarrak proposatu zien trukaketa. "Nafarroako beste talde batekin trukea egiteko aukera zegoela esan ziguten, eta Baigorriko talde batekin harremanetan jarri gintuen". Hasiera batean asteburu oso bateko kontua izan behar zuen, Ollkarizketak azaldu duenez, baina "gauza bat eta beste" egun bakarra egon ziren Baigorrin eta Arrola dantza taldekoak ere egun bakarra pasako dute Irurtzunen. "Egia esan, horrek elkar ezagutzeko aukera nahiko murriztu du". Urriaren 15ean Orritz dantza taldeko hamabost bat dantzari egon ziren Baigorrin, eta egindako dantza emanaldiaren ondoren Irurtzungo dantza taldeko eta Baigorriko Arrola dantza taldeko kideak elkarrekin bazkaltzeko aukera izan zuten. Arrolako dantzariek eskainitako ikastaroan ere harremana pixka bat estutzeko aukera eman zien.


Orritz dantza taldekoak Arrola dantza taldearen ikastaroan, Baigorrin. UTZITAKOA

"Hasiera batean jauzien modukoak direla esan ziguten, baina guk ezagutzen ditugun jauziak, gure erdizka, pika, ebats eta horiek guztiak oso modu desberdinean egiten ditugu". Irurtzundarrak eta Nafarroa Garaiko zenbat dantza taldek jauziak "lurretik" egiten dituztela azaldu du Ollakarizketak, eta Baxe Nafarroan, aldiz, "saltoka" egiten dituzte. "Dantzak oso desberdinak dira bereziki horregatik". Dantza baten zenbait zati ikasteko aukera izan zuten. Euskal dantzen artean desberdintasunak daude, "baita hemengo herrien araberako dantzetan ere desberdintasunak daude". Baigorrin denbora tarte gutxi egon zirenez, ezin izan zuten dantza taldearen emanaldia nola izanen den aurreikusi; beraz, Irurtzungoedako ere sorpresa izanen da bihar emanen dute jaialdia.

Dantza jaialdiaren ondoren Orritz dantza taldeko kideek Iribasko Ingurutxoa irakatsi zieten Baigorriko dantzariei. "Esan zigutenagatik ideia zen hemen inguruko dantza bat irakastea, ahal bazen Irurtzungo dantza bat, baina Irurtzunen ez dugu gurea den dantzarik. Hortaz, Iribasko Ingurutxoa irakastea erabaki genuen". Orritz dantza taldeak "askotan" egiten duen dantza bat da, eta Iribas Irurtzundik gertu dago. "Inguruko dantzetatik asko gustatzen zaigun bat da, dantzatu egiten dugu eta ideia polita iruditu zitzaigun hori irakastea".


Orritz dantza taldekoek Iribasko Ingurutxoa Arrolakoei irakasten. UTZITAKOA

Uda "gogorra" izan du Orritz dantza taldeak. Baina onerako. Emanaldi asko izan dituztela esan du Ollakarizketak, "nik uste normalean baino gehiago". Une honetan taldea indartsu dago, gazte asko sartu dira eta dantzariak ilusioarekin eta gogoarekin daude. "Momentu batzuetan larriago egon da, baina orain bereziki sasoi onean dago taldea.

Udazkenekoa
Urtero Irurtzungo dantza taldeak Udazkeneko dantza jaialdia antolatzen du, eta aurten Arrola dantza taldearen jaialdia eta udazkenekoa aurrera eramatea pentsatu bazuten ere, "gauzak atzeratzen joan direla ikusi dugu", eta Baigorrikoen dantza jaialdikoa udazkenekoa ere izatea erabaki dute. "Ez dakit udaberrian eginen dugun, hitz egin behar dugu oraindik".

Momentuz, "bi edo hiru" dantza berri ikasten ari dira. Baigorrin ikasitakoa "momentuz" errepertorioan sartzea "zaila" ikusten dute, egun bakar batean ikasitako zerbait delako eta talde gehienei irakatsi beharko dietelako, "dantza polita da, eta nik uste aurrerago egin dezakegula"

Erlazionatuak

Dantzak elkar ikasiz

Guaixe 2022 urr 25 Irurtzun