Bioenergia komunitateekiko interesa

Guaixe 2022ko aza. 1a, 14:03

Bioenergia komunitateei buruzko azalpenak ematen DInabiden. Eskuinean Pablo Castlles Alonso. SGA

Egurra etxetako berogailua eta ura berotzeko erabiltzen dituzte komunitate horiek. Premia, aukera eta finantziazio gaitasunaren arabera, hainbat eratakoak izan daitezke. Irurtzungo aurkezpenaren ondoren atzera bildu eta gaia sakonago lantzeko eskaera egin zuten parte hartzaileek.

Europako Horizon 2020 programak finantzatzen du BECoop 2020-2023 proiektua. Bere helburua da pertsonen ahalduntzean oinarrituta, bidezko energia sistema bat lortzea. Eta energia hori berogailua eta etxeko ura berotzeko erabiltzea da asmoa. Horretarako, bioenergia berriztagarria tokian-tokian sortzea da helburua. Grezia, Italia, Polonia, Danimarka, Brusela eta estatuko bazkideek daramate proiektua aurrera. Haietako bat da Goiener. Guztien iritzia da biomasa gutxiegi erabiltzen dela. Baina garbi utzi dute ez dituztela basoak txikitu nahi etorkizunean arazoak izateko. Ez. Basoen kudeaketa jasangarrian oinarritzen dute proiektua, basoak zaintzeko, suteak saihesteko… 

Proiektuaren berri eman eta bioenergia komunitateak zer diren azaltzeko jardunaldia hartu zuen Dinabidek asteazkenean. Goienerko BECoop proiektuko buru eta garapen departamentuko kide Pablo Castells Alonsok azaldu duenez, ″gozatu″ zuten. ″20 bat pertsona egon ziren, hamar bat toki agintariak ziren. Guztiek interes handia azaldu zuten. Batzuek buruan zituzten ideiak beste toki batzuetan gauzatuta daudela ikusi zutelako pozik zeuden″. Bi hilabete barru aurrera egin eta zehatzago hitz egiteko berriro elkartzea eskatu zuten bildutakoek. ″Ideia ondu ezazue eta, zergatik ez, lan bilera batean bilduko gara″, erantzun zieten. 

Zer dira
Castellsek azaldu duenez, bioenergia komunitatean ″herritarrak eta erakunde publiko eta pribatuak elkartzen dira eta biomasatik sortzen den energia termikoarekin zerikusia duen jardueraren bat egiten dute″. Sakanari dagokionean, basoko egurra litzateke biomasa. Saioan Nafarroa guztiko jendea zegoen eta nekazaritzatik sortutako biomasa ere eskuratu dute beste toki batzuetan. ″Orain beste modu batera, hobe, adostuagoan erabili nahi da, komunitate guztiarendako onuragarria izanen dena″. Castellsek gaztigatu duenez, ″gure lurraldeak energia mendekotasun handia du. Nafarroan kontsumitzen den energiaren ia %80 inportatua da. Biomasa tokiko produktua da, energia burujabetasuna ematen duena, eta energia merkatuaren gorabeheretatik askatzen gaituena″. Eta bioenergia komunitateen onura gehiago zerrendatu ditu: ″gizartea ahaldundu egiten du. Jendea jabetzen da egiten duen kontsumoaz eta kontsumo arduratsuagoa egiten du, energia nondik heldu den ikusten baitu. Tokiko kontsumoaren ibilbide laburrak errazten du. Komunitatearen premiei ere erantzuten diete, esaterako, energia pobreziari. Eta, gainera, pertsona proiektu guztiaren erdigunean jartzen du, eta ez beste eredu batzuek duten diru etekina″. 

Komunitate horietan udala edota kontzejua egoteak ″batez ere hasieran, herritarrak batzea asko errazten du, proiektuei bultzada ematen die. Halako komunitate bat sortzean herritarren arteko kohesioa, jendearen parte hartzea hobetzen ditu″, esan du Castellsek. Toki erakunderik gabeko bioenergia komunitateak ere badaude. Modu batera edo bestera, bioenergia komunitateek baliabide hori ustiatzeko eta komunitateari zerbitzua emateko entitate juridikoak sortzen dituzte, elkartea edo kooperatiba, ″bakoitzak erabakitzen du. Goienerretik kooperatibak sortzea proposatzen dugu, gehiago errazten duela uste dugu. Baina ez da alternatiba bakarra″. 

Ereduak
Castellsek azaldu duenez, ″batetik bestera kopiatu daitezkeen komunitate eredurik ez dago. Kideen artean erabakiko dute proiektua nola gauzatu″. Funtsean ideia da ″kideek emandako egur lote horiek komunitateak eskura izatea. Baita jendearen gaitasunak ere. Ezagutzen dugun komunitate batean galdarara egurra botatzeaz arduratzen den pertsona jubilatuak kuota txikiagoa ordaintzen du″. 

Bioenergia komunitate bakoitza sortzerakoan, lehenik, dauden premiak aztertzen dira. ″Lehen egur lotea hartzen zuten pertsonek adinagatik utzi dute, ez dutelako gaitasunik lan horietan ibiltzeko. Beste batzuk ez dute beharrezko tresneriarik. Premiak aztertu eta konponbide tekniko onena eta bideragarria zein den ikusi behar da. Zeren bero sare bat egiteak hasierako inbertsio handia eskatzen du (ur beroa eramateko tutuak lurpean sartu behar dira)″. Horregatik, hainbat aukera daude, beti ere, ″komunitateak egin nahi duen inbertsioaren eta ase nahi dituen premien arabera″. 

BECoop proiektuaren barruan, Goiener epe ertainean gauzatu daitezkeen bi proiektu piloturi aholkularitza ematen ari dira. Castellsek azaldu duenez, ″batek basoko egurraren komunitate bilketa egin eta agotzarekin batera kontzejuko galdaratan erreko du. Eta herri guztian ur beroa zabalduko duen sare bat egin nahi dute. Argindar sareak lurperatzeko lanak baliatuko dituzte sare hori lurperatzeko. Beste proiektuak kanpoan erositako biomasa tokiko biomasaren bilketarekin ordezkatu nahi du. Ezpalak edo pelleta eginen dute galdara elikatzeko″. Beste aukera bat izan daiteke komunitateak beraien etxeetan galdara bana jarri nahi duten bazkideei biomasa ematea. Beraz, ″komunitatean dauden aukeren, premien eta finantzazio gaitasunaren arteko nahasketatik sortuko da eredua″, laburbildu du.  

Behin bioenergia komunitatea sortuta beste ″hainbat zerbitzu eskain″ ditzakeela gaineratu du. Esaterako, herriko galdara eta biltegia hartzen duen eraikinean komunitateak eguzki plakak jarri eta komunitatearen argindar autokontsumorako baliatzeko aukera ere azter dezakeela gaineratu du. Edota gero eta energia gutxiago kontsumitzeko etxeen energia birgaitzea egiteko aholkularitza sortzea. ″Beraz, komunitatean dauden aukeren, premien eta finantzazio gaitasunaren arteko nahasketatik sortuko da eredua″, laburbildu du. BECoop proiektuaren barruan komunitateak sortzeko hainbat tresna lagungarri sortu dituzte eta proiektuaren webgunean kontsulta daitezke (ingelesez). 

Ekonomia
Halako proiektu bat finantzatzeko bideak bi dira: bazkideen kuotak eta tokiko, baso kudeaketako edo Europako funtsen bidez jasotako dirulaguntzak. ″Komunitate horietako pertsonak kontsumitzaileak eta ekoizleak dira, eta beraien ohiko erregaien fakturetan aurrezpena izanen dute. Eta bioenergia komunitateari ordainduko dioten kuota aurreko fakturen kopurua baino txikiagoa izanen da″. Nabarmendu duenez, ″energia merkatutik independente bihurtzen zara. Berriki ikusi dugu denbora gutxian prezioak nola igo diren. Esaterako, pellet komertziala %45 igo da azken urtean. Zurea kontsumitzen baduzu ez duzu merkatuaren prezioen aldaketen modukorik izanen. Horrek egonkortasuna dakar″. 

Italian Sakana moduko ibarrak galdara bakarrarekin berotzen dituzte. ″Hango bazkide batzuk ekonomia datu pare bat eman zizkiguten: erregai fosilekin euro bakoitzeko 0,23 zentimo gelditzen ziren eskualdean. Tokiko bioenergia eredura pasa zirenean energiagatik pagatzen dutenaren %70 eskualdean bertan gelditzen da. Hori oso garrantzitsua da, esaterako, Sakanan ekonomia garapen esanguratsua sor baitezake″, azaldu du Goienerreko kideak. 

Bestalde, halako komunitateak sortzeko, bataz beste, 13 hilabete behar direla gaztigatu du. ″Baina azkarrago egin daiteke, herriren batean aurretik komunitatea antolatua badago. Konponbide teknikoa opatuko duzu soluzio demokratikoen bilaketa eta herritarren parte hartzea dagoen inguru batean. Horregatik, lehenago eginen dugu ″, argitu du. 

Sakana
Etxerako egur loteak kudeatzeko udalek ordenantzak dituzte. ″Bioenergia komunitate ereduaren araberako moldaketak egin beharko lirateke araudian. Herri bakoitzean komunitate txikiak sortuko balira ez legoke arazo handirik. Baina egurra udalerritik ateratzeko debekuarekin komunitate handiagoak sortzeko aukera zailtzen da. Baina konponbideak bilatu daitezke. Horregatik da hain garrantzitsua toki erakundeen parte hartzea″. 

Adituak esan duenez, ″Sakanarako eredua ez dago garbi. Aukeren garapenean bidea elkarrekin egitea, zer arazo dauden aztertzea, zein konponbide egon daitezkeen… Horretan ados zeuden saioan egon ziren sakandarrak. Nork bere aldetik jo beharrean, esperientzia partekatzeari balioa aitortu zioten. Gero udalerri bakoitzerako edo ibarrerako hartutako erabaki egokiena denen artean hartzeko″.