Urriaren 22an Nafarroako Kluben Arteko Buruz Buruko Pilota Txapelketako finalak jokatu ziren Labriten. Afizionatuen bigarren mailako txapela Sakanara etorri da, Adrian Azpiroz Asurmendik (Irurtzun) lortu baitzuen "zapore bikaina" duen txapela janztea, Xhoe Lazkoz Martinezi (Oberena) gailenduta. Txipuak bezain altua den atzelariak –1,93 m neurtzen du– bere palmaresa handitu nahi du, berehala Nafarroako Binakako Txapelketan murgilduko baita.
Nafarroako bigarren mailako buruz buruko txapelduna. Zure palmareseko garaipenik garrantzitsuena izango da, ezta?
2021ean, jubenila nintzela –egun 19 urte ditu– Nafarroako Jubenilen Lau eta Erdiko Txapelketan laugarren izan nintzen, eta 2019an Altsasuko Otadiko Kristo Deuna txapelketa irabazi genuen De la Fuentek eta biok, jubeniletan. Orain arte horiek ziren nire lorpen garrantzitsuenetakoak, baina Nafarroako afizionatuen bigarren mailako txapelak beste biak zokoratu ditu.
Atzelaria zara, baita Xhoe Lazkoz, zurekin finala jokatu zuen pilotaria ere. Bitxia da atzelari batek Buruz Buruko txapela irabaztea.
Atzelaria naiz, baina banaka jokatzea ere oso gustuko dut. Nire burua ongi ikusi nuen eta txapelketan aritzea erabaki nuen. Urte batzuk baziren banakakoan jokatzen ez nuela eta horregatik Miguel Berazarekin (Irurtzun pilota klubeko presidentea) hitz egin ondoren, bigarren mailakoan aritzea erabaki genuen. Atzelariak banakako finaletara iristea ez da egunero ikusten, baina gure kasuan horrela izan zen eta alde horretatik ere kontentu nago.
Finalera heltzea espero al zenuen?
Horren urruti iristea ez nuen espero. Txapelketa jokatu nahi nuen banaka aritzea gustuko dudalako, besterik gabe, eta partidetara disfrutatzera atera nintzen, inolako presiorik sentitu gabe. Finalerako sailkatzea handia izan zen, eta irabaztea are gehiago, ez nuelako espero.
Finala non eta Labriten. Berezia izango zen.
Bai, oso berezia. Hasieran Xhoe aurreratu zen, bizpahiru tantoren aldea aterata, baina gero nik berdindu eta aurretik jarri nintzen, ia partida osoan. Biak atzelariak garenez, botez jokatu genuen. Hori normalean ez da ikusten, aurrelariak gehienbat airez jokatzen dutelako. Sakeak garrantzi handia zuen, biak botez errestoa egitera ohituta gaudelako, eta gauzak ongi atera zitzaizkidan. Lauzpabost tanto egin nituen sakez, eta hori abantaila handia da. Horretaz gain, uste dut Xhoek baino pixka bat gehiago arriskatu nuela. Partida gogorra izan zen, oso piloteatua, eta irabazteagatik oso pozik nago.
Txapela lortu izana behar bezala ospatu al zenuen?
Bai, lagunekin afaria egin genuen Iruñean eta familiarekin ere ospatu nuen.
Irurtzun pilota klubean aritu izan al zara betidanik?
Irurtzundarra naiz, baina Arren bizi naiz. Txikia nintzela Irurtzun klubean hasi nintzen, baina gero Paz Zigandan bi urte egon nintzen eta handik Esteribarko klubera joan nintzen. Bizpahiru urteren ondoren Irurtzunera bueltatu nintzen. Talde ederra dugu Irurtzunen, entrenatzeko giro oso ona dugu eta gustura gabiltza.
Astero zenbat entrenamendu egiten dituzu?
Erdi Graduko Mekanizazio ikasketak egiten ari naiz, goizez, eta astelehenetik ostegunera arratsaldez entrenatzen dut. Ez dut aspertzeko tarterik, baina ez dut inolako kexurik, gustura aritzen bainaiz.
Berehala Kluben Arteko Binakako Txapelketa hasiko da eta pentsatzekoa da hori izango dela zure hurrengo helburua.
Bai, Binakakoan lehen mailan lehiatuko naiz eta aurki hasiko gara. Aurten Fermin Arribillagarekin osatuko dut bikoa. Noizbait jokatu izan dugu, baina esan daiteke bikote berria garela.
Zein da zure ohiko bikotea?
Orain arte Xuban Armendarizekin jokatu izan dut gehien, eta azkenaldian Aingeru De la Fuenterekin asko ibiltzen naiz. Dena den, normalean bikotez asko aldatzen dugu eta nik ere nahiago izaten dut, bikotearen arabera ere zure jokoa moldatu behar duzulako eta beti zerbait ikasten delako. Gainera, bestelako taldekideekin aritzera ere ongi dago. Egia esan, berdin zait edonorekin jokatu, ni beti pozik.
Binakako Txapelketarako ilusioz zaude, gogotsu?
Oso. Ongi sentitzen naiz, ez dut inolako arazorik, eskuak ere ongi ditut eta sasoi momentu onean nago, gustura. Arribillagarekin aritzeagatik ere oso pozik nago. Bikote gogorra osatzen dugu eta itxaropen handia dugu. D multzoan lehiatuko gara. Txapelketa azaroaren 6an hasiko dugu –Zugarraldeko Anso eta Alduntzin dituzte aurkari– eta luzea da, partida asko direlako. Dena den, guretako hobe, guk partidak jokatu nahi izaten dugulako. Binakakoa erresistentzia proba da, zure mailarik onena eman behar duzulako.
Zeintzuk dira arerio gogorrenak?
Asko.. (kar, kar). Irurtzun klubeko beste bikoteak ere gogorrak dira: De la Fuente-Apezetxea, Lazkoz-Nazabal... Azkenean ez diogu inori beldurrik eta ilusioz jokatuko dugu. Ea zortea dugun.
Miguel Berazak esana du gaur egun atzelarien krisia dagoela, atzelari onak ateratzea asko kostatzen dela. Profesionaletara pasatzeko aukera gertu ikusten duzu?
Txikitatik pentsatzen duzun zerbait da, ametsa. Profesionaletara iristea sekulakoa litzateke. Badakigu zaila dela, baina sinistu beharra dugu. Bitartean, beste ilusio batzuk bete nahiko nituzte. Espainiako Txapelketan jokatzeko ilusioa dut, Euskal Herriko Kluben Artekoan aritzekoa… txapelketa handiak dira, eta bizi nahi ditut.