Areto futbola

Osasuna Magnak irabaztea zer den jakin gabe jarraitzen du

Guaixe 2022ko urr. 31a, 10:23

Talde nafarrak ostiralean 2 eta 3 galdu zuen Cordobaren kontra

Denboraldi honetan garaipena lortzea garesti du Osasuna Magna Xotak. Berdinketak eta porrotak, momentuz ez dute besterik ezagutu. Ostiralean Imanol Arregiren taldeak Cordoba Futsal hartu zuen, lehen garaipena lortzea helburu, baina ezinezkoa izan zen eta hiru puntuek Cordobara egin zuten ihesi. 

Partida ez zen ongi hasi nafarrendako, bigarren minuturako Cordoba aurreratu baitzen. Berdeek Cordoba estutu zuten eta bi taldeak nor baino nor lehiatu ziren, baina baloia ateratzerakoan egindako akats batengatik –Asier Llamasek area kanpoan zela baloia eskuarekin ukitu zuen– arbitroak txartel gorria atera zion atezain irurtzundarrari, eta Cordobak bikain probestu zuen jokalari bat gehiagorekin aritzea, bigarrena sartu baitzuen. Lehen mailan debutatu zuen Oihan Sanchez atezainak ezer gutxi egin ahal izan zuen. 

Seigarren minutuan Fabinhok gola sartu eta 1 eta 2 hurbildu zen Osasuna Magna. Partida berdintzeko bizpahiru aukera oso argi izan zituen talde nafarrak, baina Fabio atezainak guztiak gelditu zituen. Zorionez, atsedenaldia baino lehen bina berdintzea lortu zuen Andresek. 

Bigarren zatian talde berdea izan zen kontrakoa gehien estutu zuena. Gol aukerak sortu zituen, baina baloia ez zen kontrako atean sartzen. Beste behin, Fabio atezainak lan bikaina egin zuen. Atezain-jokalaria formularen alde egin zuen Imanolek, baina estrategia ez zen ongi atera, Cordobak garaipenaren gola sartu zuelako. 2 eta 3 galduta, puntuak Cordobara joan ziren. 

Imanol Arregik taldeak “akats potoloak” egin zituela nabarmendu zuen, “eta horri kontrako atean ez asmatzea gehitzen badiozu, horrela oso zaila da garaipenak lortzea”. 

Jaitsiera postuetan
Barça da Lehen mailako liderra (15 puntu) eta Osasuna Magna Xota hamaseigarren postura jaitsi da (3 puntu), jaitsiera postuetara hain zuzen ere. Datorren jardunaldia asteburuan jokatuko da eta Xotak Levante izango du aurkari, 20:45ean, Paternako pabilioian (LaLigaSportsTV).