Gau Beltzeko Ibilaldi Beltza

Guaixe 2022ko aza. 3a, 10:42

Beldurtzeko momentuak bizi izan zituzten Ibilaldi Beltzean parte hartu zutenek. ITZIAR MATXAIN

Bosgarren urtez Pikuxar euskal txokoa elkarteak Gau Beltzean ekitaldia antolatu zuen. Atakondoa eskola publikoan barna egin zen Ibilaldi Beltzean 400 bat pertsonak parte hartu zuten.

Lastailaren 31n ospatzen da Gau Beltza. Eta egun horretarako prestatzeko Pikuxar euskal txokoak maskara eta kandelen tailerra antolatu zuen larunbatean. Barazkigune plazan, Tramankuluko Miren Bajok eta Igor Lanzek gidatuta, 80 pertsonek parte hartu zuten tailerrean, hiru txandatan banatuta.  Gau Beltzerako guztia prest utzi zuten. Asteleheneko arratsalde-gau partean Pikuxar euskal txokoa elkarteak Ibilaldi Beltza antolatu zuen Atakondoa ikastetxe publikoan. 400 bat pertsonak parte hartu zuten. 

Elkartekideek azaldu dutenez, ″eskola misterioz, magiaz, nahiko sustoz eta tentsio handiz betetako leku bihurtu zen ekitaldian parte hartu zuten haur eta gurasoendako. Eskolako korridore eta txoko ilunetan zehar euskal mitologiako pertsonaiekin topo egin zuten, baita sorgin, hildako bizidun eta arima galduekin ere, besteak beste″.

Bi ordu eta erdiz, ordu laurdenero, 30-40 pertsonako taldeek sei geldialdi egin zituzten ikastetxean, gida susmagarri batzuek lagunduta. Sarreran, hasierako tentsioa lasaitzen saiatzeko, lehenik, kopla bat abestu zuten gau berezia zela eta, txistulari maskaratu batzuek lagunduta. Ondoren,  ibilbidetik bizirik irten nahi bazuten, bertaratutakoei ibilbidean zehar gainditu behar zuten erronka aurkeztu zieten: espiritu gaiztoak urruntzea, arima galduei laguntzea, oreka naturala berreskuratzea… bidean aurkituko zituzten ortzadarraren koloreen laguntzaz. ″Zorionez, guztiek lortu zuten esperientzia onik, osorik eta pozik amaitzea, eta, azkenean, musika festa batekin sarituak izan ziren, baita denboraldiko lehen gaztaina erreekin ere; horrela, erlaxatu eta bizitako esperientzia partekatu ahal izan zuten. Beldurraren eta barrearen, ikararen eta konfiantzaren arteko emozioz betetako esperientzia izan zen″, azaldu dute elkartekideek.

Lantaldea 
Pikuxar euskal txokoa elkarteak sustatutako ekitaldia 40 pertsona baino gehiagoren lanaren emaitza izan zen. Antolatzaileak, gidariak, logistika laguntza eman zutenak eta figuranteak izan ziren haietako batzuk. Haiekin batera, Ibilaldi Beltzean Lorena Arangoa, Izaskun Mujika, Yurena Pérez, Ion Barbarin, Tramankulukoak eta Iskidi taldeko euskal mitologiako pertsonaiak (Basajaun, Basandere, Gaueko, Gizotso eta Tartalo) parte hartu zuten. 

Elkarteak duela 5 urte ekin zion Gau Beltzaren inguruko ekitaldiei. Aurreneko urtean (2017) hitzaldia eskaini zuten Itziar Diez de Ulzurrun eta Josu Ozaita ikerlariek, Halloween edo Gau Beltza? izenburuarekin. 2019an, Irurtzun herritik hurbilen dagoen mendiko bidezidorretatik antzeztutako lehen ibilbidea antolatu zuten, eta emaitza oso positiboa izan zen parte-hartzeari, antolaketari eta eskainitako edukiari dagokienez. 2020ko pandemiak eta azken bi edizioetako eguraldi txarrak mendiko esperientzia errepikatzea eragotzi diete orain arte.