Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) ikertzaile taldea diagnosia eskuan duela hurrengo pausoa prestatzen hasi da: ekintza plana. Haren bidez neurriak hartu nahi dituzte Irurtzungo kulturarteko elkarbizitza hobetzeko.
Asteak pasa dira, baina, aurkezpenak zer inpresio utzi zizun?
Oso ona. Horrelako prozesuek denbora asko eskatzen dute, eta eskaintzen diegu. Uda guztia pasa eta gero zalantzak genituen jendearen erantzunarekin. Eta, egia esan, oso pozik. Jende asko joan zen eta, gainera, oso jende anitza: gazte asko, hainbat jatorritako pertsonak, adinekoak… Prozesua parte hartu zuten pertsona asko joan ziren.
Aurkezpenetik gordetzeko moduko zerbait egon zen?
Bai. Batetik, lan honetan jarraitzeko beharra eta gogoa dagoela Irurtzunen.
Zergatik egiten dira halako diagnosiak?
Osasun arloan bezala, gizartean egoera baten berri jakiteko egiten dira. Gure kasuan kulturartekotasuna nola dagoen ezagutzeko. Herritarren parte hartzea sustatuz egiten den prozesua da diagnosia.
Garrantzitsua da eskaera tokiko eragileek egitea?
Ezinbestekoa da. Halako prozesu bat da egoera ezagutu eta gero aldatzeko. Aldatzeko beharra herrian egon behar du. Guk, kanpotik, diagnosia egiteak ez du inolako zentzurik ondoren aldaketarik ez baldin badago.
Nola artikulatzen da parte hartzea?
Hasteko, egin behar dugunaren aurkezpen orokorra egiten dugu. Ondoren talde eragilea sortzen da; nahi duenak parte hartu dezake, baina hainbat erakunderen parte hartzea du. Migratzaileekin lan egiten dugunez, elkarteetatik harago, haiengana hurbiltzen saiatzen gara. Ondoren, datuak jasotzeko hainbat teknika erabiltzen ditugu.
Luze jotzen du halako prozesu batek?
Irurtzunen kasik urtebete eman dugu, parte hartzeak gehitzen direlako eta pandemiak guztia konplexuago egin zuelako. Diagnosia egiten dugun bitartean parte hartzea sustatzen ari gara eta parte hartzea bada elkarbizitzan oinarritutako bat. Guretako oso garrantzitsua da. Ez da bakarrik egoera ezagutzen dugula, egoera aztertzen dugun bitartean aldatzen saiatzen gara.
Prozesua despedituta, jasotako datuak zertan gauzatzen dira?
Aurkezpenean jendeari haiengandik jaso genuena bueltatu genien. Dignosiaren azkeneko fasea da, baina, aldi berean, hurrengo fasearen hasiera da. Datu guztiak hartuta, Irurtzunen kulturarteko elkarbizitza bulkatzeko ekintza plan bat osatzen hasiko gara; zer lan arlo hartuko ditugu, zer helburu jarriko ditugu eta nola eginen dugun hori guztia jendearen parte hartzearekin.
Zein izan da emaitza?
Zazpi ideia nagusitan laburtu genuen emaitza. Lehendabizikoa da %93ak, orokorrean, Irurtzun bizileku lasaia eta ona dela esan zuen. Hori bai, desberdintasunak daude. Atzerrian jaiotakoen %24ak esan zuen ez zegoela oso ados edo ez zela oso gustura bizi Irurtzunen. Beste ideia bat da migrazioak aldaketak ekarri dituela. Demografia hartuta aldaketa horiek oso nabariak dira. Azken 25 urteetan, esaterako, Irurtzunek biztanleen %15eko igoera izan du. 305 pertsona gehiago bizi dira duela 25 urte baino. Atzerrian jaiotakoak hartzen baditugu 419 dira. Gainera, atzerrian jaiotako askok hemen seme-alabak izan dituzte. Demografikoki herriari ekarpen izugarria egin diote.
Harremanak nolakoak dira?
Kultur desberdinetako pertsonen artean zer harreman zeuden aztertu nahi genuen. Ia %60ak esaten du kultur ezberdinetako taldeen artean ez dagoela batere harremanik. Hori neurri handi batean, niretako kezkagarria da. Harremanik ez egotea ez da harreman txarra dagoela. Baina edozein gatazka dagoenean ez baldin badago harremanik, sekulakoa sortu daiteke. Beraz, harreman eza hori arazo bat da. Egia da talde guztietako jendeak esaten zuela talde itxiak daudela. Atzerritarrek esaten zuten hemen kuadrillak itxiak direla. Eta bertakoek esaten zuten saiatzen zirela besteengana hurbiltzen, baina oso itxiak zirela. Orokorrean besteak itxiak direlako sentsazioa agerikoa da. Leku desberdinetan egoten dira. Esaterako, etorkinak apenas ibiltzen dira txoko eta elkarteetan. Gutxiago daude kirol guneetan, igerilekuetan eta abar. Aldiz, ehuneko askoz handiago baten erlijio zentroetan kokatzen dira. Baina, esaterako, kalea denok topo egiteko leku bat izan daiteke. Atzerritarren ekonomia egoera askotan oztopo bat da hainbat lekutan egon edo hainbat ekintza egiteko.
Gazteak?
Haien arteko harremanetan gertatzen ari dena oso puntu garrantzitsua da, zeren gazte gehienak Irurtzunen jaiotakoak dira. Gazteekin elkartu ginen eta kuadrillen irudikapen grafikoa eskatu genien. Oso-oso argi ikusten zen kuadrilla desberdinak daudela. Alde batetik, euskal jatorriko neska-mutilen kuadrillak, gaztelar kutsuko neska-mutilen kuadrillak. Eta, beste aldetik, Magreben jatorria duten mutilena. Hor neska batzuk eta sartzen dira. Baina haien artean oso bereizita eta haien artean harreman gatazkatsuak izaten ari dira. Eszenatoki horretan Magrebeko jatorriko neskak mapatik erabat desagertuta. Kezkagarria. Inork ez zituen kuadrilletan identifikatzen. Haiekin elkartu eta bi hemendik, beste batzuk ez dakit norekin elkartuta; baina lagun taldeetatik kanpo. Hori da Irurtzunen jaiotako gazteen artean dagoen harremana. Jatorria edo kultura izugarrizko banaketak sortzen ari da. Horrek eragina dauka orainaldian, baina markatzen du zer gertatuko den etorkizunean. Horregatik, behar garrantzitsua da.
Zein da atera duzuen hurrengo ideia?
Etsaitasun edo arazo batzuk ere ematen ari dira. Guk diagnosia egitean momentuko argazkia jasotzen dugu. Baina denboran argazki hori aldatzen joan daiteke. Ikusi beharko litzateke gaur egun zein den egoera. Zeren datu horiek jaso genituenetik gauzak aldatu dira, eta esanen nuke ez direla hobetu. Datuak jasotzeko unean %23 esan zuen nolabaiteko gatazkak izan zituela beste kultura bateko pertsonekin. Gainera, gatazka erdiak ez ziren konpondu, baizik eta hor gelditu ziren konpondu gabe. Eta diskurtsoetan eta jasotzen zen jende asko oso erreta dagoela, haien artean arazoak daudela baina ez direla esaten, atzerritarrei laguntza gehiago ematen zaiela… Batzuen eta besteen aldetik mesfidantza asko jaso genituen. Gatazkei dagokienez, niretako esanguratsua da, inkestaren barruan, etorkinen %40ak esan zuen etxebizitzetan diskriminazio ematen zela; alokatzeko prezio altuagoak eskatzen zizkietela. %27ek esan zuen kalean desberdin begiratzen dituztela, edo desberdin tratatzen dituztela. %25ak lan arloko diskriminazioa aipatu zuen: lan gogorragoak edo lana izateko zailtasun gehiago zituztela atzerritarrak izateagatik. Kontuan hartzeko kontuak dira.
Zein da atera duzuen bosgarren ideia?
Integrazio prozesuei dagokionez, alde guztietatik nolabaiteko nahi bat dago elkarrekin egoteko, ibiltzeko eta abarrerako. Baina diskurtsoetan etengabe zatiketa: gu eta haiek. Bereizketa horiek esan nahi du oraindik lan handia dagoela egiteko. Bereizketen artean sozioekonomia egoera batzuek asko markatzen dute, esaterako, etxebizitzaren egoerak. Irurtzunen bizi diren atzerritarren %67 esan zuen alokairuan bizi dela, estatuan jaiotakoen artean, berriz, %85ek bere etxebizitza dauka. Eta gauza bera okupazioari dagokionez: estatukoen artean ia %60 lanean eta atzerritarraren artean 30 puntu gutxiago. Egoera sozioekonomikoek asko markatzen du eta horrek, neurri handi batean, baldintzatzen du integrazioa.
Zein da hurrengo ideia?
Atakondoa eskola publikoa espazio integratzailea dela. Irurtzungo biztanle guztiei galdetuta, ia %88ek iritzi positibo bat zeukan eskolan dagoen aniztasunaren inguruan, aberatsa dela. Atzerritarren kasuan, esaterako, diskurtsoak oso argiak ziren, batzuek esaten zuten: benetan atzerritarra sentitzen ez naizen leku bakarrenetakoa da eskola, arreta asko jasotzen dutela, laguntzak … Iritzi orokorra oso positiboa da.
Atera duzuen azkeneko ideia zein da?
Zer aukera eta zer prestutasuna dauzkan jendeak horrelako prozesu batean aritzeko. Berez, normalean, etorkinen parte hartzea askoz baxuagoa da denetan, bai elkarteetan baita Irurtzunen egiten diren ekintzetan. Jaso genituen datuek oso desberdinak dira. Jendeari galdetu genion prest egonen litzatekeen kulturartekotasuna bultzatzeko edo horrelako prozesu batean aritzeko eta %80ak interes handia edo interesa badu horrelako proiektu batean parte hartzeko. Eta etorkinen artean kasik %60ra igo zen. Herriak gai horretan interesa du. Baina interesaz aparte behar izugarria duela uste dut.
Zein dira kulturarteko elkarbizitzari ikusten dizkiozuen ahuleziak?
Alde batetik, harreman falta nabaria. Beste aldetik, ikastetxe berean ikasi eta harremana izan duten gazteen artean, denbora pasa ahala harreman horiek ez dira hobetzen. Ez da Irurtzungo kontu bat bakarrik, Nafarroan gauza orokorra da. Hor agertzen diren gauzetako batzuk dira erlijioak izan dezakeen pisua, aisialdirako dauden ohitura desberdinak, kontsumoak tartean direla… Baina bestelakoak ere badaude, identitate desberdinak markatzen eta harremanak hurbildu ordez urruntzen dituztenak.
Zein indargune ditu Irurtzunek?
Urte askotan Anitzartearen kulturartekotasun zerbitzuaren eta beste batzuen bidez Irurtzunen lan asko egin da urte askotan. Eta badaude nolabaiteko topaguneak ere. Kultura desberdinetako jende asko dago prest honen alde egiteko, eta hori sekulako indargunea da, jendeak beharra ikusi eta nahi izatea. Aritu izan dira, gauza on asko egin dira. Baina indargune horretatik tiratuta harago joateko beharra dauka.
Aurrera egiteko ekintza plana aipatu duzu.
Guztira 407 pertsonak parte hartu dute (281 inkestak erantzuten). Diagnosiak emaitza batzuk utzi ditu, baina prozesu bat ere. Hemendik aurrera ekintza plana eginen da. Espero dugu jendeekin, topagune horien bidez, elkarbizitza sustatzen jarraitzea. Eta hori oso oso garrantzitsua den zerbait da. Paperean gelditzen den hori hor dago, baina sortzen diren harremanak, potentzialtasun handia daukate.
Aipatu dituzun zazpi ideien gainean lan eginen duzue?
Talde eragilea elkartu behar da. Baina gure asmoa da hiruzpalau batzorde sortzea gai zehatzen inguruan pentsatu eta erabakiak hartzeko. Pentsatzen dut eskola eta Hezkuntza bat izanen direla. Agian beste bat kultura eta euskara. Beste bat zerbitzuen inguruan… Hori buruan duguna da, baina ea zer zehazten den.
Zeinek kudeatuko du ekintza plan hori?
Guk, NUPekook, antolatzen dugu, prozesu teknikoaz arduratzen gara. Guk proposatuko ditugu gauzak. Baina hor egonen dira udala, Irurtzun aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatea, Atakondoa eskola publikoa, edozein herritar… Orain arte egin dugun bezala, asmoa da ateak zabaltzea.
Egutegirik baduzue?
Guk barne bilerekin hasi gara. Baina kanpora begira azaroan hasiko gara. Datarik ez daukagu.