Areto futbola

Roberto Martil kapitainak 17 urte bete ditu Xotan

Guaixe 2022ko aza. 8a, 11:08

Roberto Martil, urte hauetan guztietan jantzitako elastikoekin. XOTA

Debuta "ilusioz" oroitzen du irurtzundarrak eta orain, beterano dela, Osasuna Magna Xota sailkapenaren behealdetik ateratzeko lanetan murgilduta dagoela aitortu du. "Lana egitea eta hobetzea, ez dugu besterik"

Roberto Martil Fernandez irurtzundarrak Xota talde nagusian debutatu zuela 17 urte bete ziren berriki. 2005eko urriaren 31 "ilusio handiz" gogoratzen du Martilek. "Azkar Lugoren kontrako partida zen, NUP-en. Lesioak tarteko, debutatuko nuela espero nuen, eta urduritasun handia nuen. Gainera, partida oso paretsu zegoen. Atera nintzen, eta oroitzen dut pistan nengoela gola sartu genuela. Golaren ospakizuna oso gogoan dut. Oroimen polita da" azaldu du klubari egindako elkarrizketa batean.

Lanean jarraitzea
Orain beteranoa da Martil, kapitaina, eta gazteak laguntzea eta babestea da bere egiteko bat, aurtengo egoera kontuan hartuta, beharrezkoagoa. Ostiralean lehen garaipena lortu zuen taldeak, baina oraindik jaitsiera postuetan dago. Zulotik ateratzea, hori da helburua, eta bolada txar horri buelta ematen murgilduta daude Imanol Arregiren mutilak. "Zein den konponbidea? Lanean jarraitzea eta egoeraren frustrazioa gehiago okertzea ekiditea. Taldeak joko ona duelako. Gol aukera asko sortzen ari gara, eta kontra ez ditugu gol askorik jaso. Gauzak ongi egiten ari gara, nahiz eta garaipena ez den heltzen. Iritsiko da" dio kapitainak.