Areto futbola

Azkenean, iritsi da garaipena

Guaixe 2022ko aza. 7a, 09:49

Talde berdeak partida serioa jokatu zuen. XOTA

Osasuna Magna Xotak maldizioa gainetik kendu du, denboraldiko lehen garaipena lortuta

Osasuna Magna Xotan arnasa hartu dute. Talde irurtzundarrak Levanteri 1 eta 2 irabazi zion ostiralean jokatutako partida serio eta landuan, eta lehen garaipena lortuta, mamuak uxatu eta gora begiratzeko garaia iritsi zaio talde irurtzundarrari. 

Gauzak ez ziren ongi hasi Imanol Arregiren mutilendako, partida hasi eta 20 segundotan Xotako jokalari ohi Rafa Usinek Oihanek defendatutako atea zulatu baitzuen. Baina jokalari berdeek ez zuten behera egin eta partidari buelta eman zioten, defentsan serio jokatuz eta eraso jokaldi asko sortuaz. Hala ere, aitortu beharra dago kontrako atean sarritan huts egin zutela, 11. minutuan Linharesek berdinketaren gola lortu arte. Atsedenaldira joan baino lehen Linharesen jaurtiketa indartsu batek Levanteko atezain Raulen jo, errebotea egin eta ate barrura sartu zen. Horrela, 1 eta 2 aurreratu zen Osasuna Magna Xota. Bigarren zatian nafarrek lortutako errenta babestu zuten eta merezitako garaipenarekin, denboraldiko lehena, bukatu zen partida. 

Ostiralean, derbia
Barça da areto futboleko Lehen mailako liderra (18 puntu). Osasuna Magna Xotak jaitsiera postuetan jarraitzen du, hamabosgarren postuan (6 puntu), baina begiak gora jarrita. Ostiralean, 20:00etan, denboraldiko lehen derbia hartuko du Anaitasunak, Osasuna Magna Xotaren  eta Ribera Navarraren artekoa. Jakina, ikusmina handia da.