Areto futbola

Derbia irabazteak saria du

Guaixe 2022ko aza. 14a, 11:00

Osasuna Magna Xotakoak, garaipena ospatzen. XOTA

Osasuna Magna Xota jaitsiera postuetatik atera da. Azaroaren 15ean, asteartea, Errege Kopako partida jokatuko du talde berdeak

Osasuna Magna Xotak Aspil Jumpers Ribera Navarra Astalde tuterarra hartu zuen ostiralean Anaitasuna pabilioian. Derbiak beti dira bereziak, baina aurtengoa are bereziagoa zen, bi taldeak Lehen mailako sailkapeneko beheko postuetan zeudelako eta asko zutelako jokoan. Anaitasunan 2.250 ikusle bildu ziren eta zaleek sortutako festa ederrean festa berdez koloreztatu zen, Osasuna Magna Xotak 4 eta 2 irabazi zuelako. 

Xotak eta Ribera Navarrak partida polita, azkarra, lehiatua eta sutsua eskaini zuten. Bi taldeak parez pare ibili ziren eta hasieratik indartsu atera ziren kantxara. Bi taldeek gol aukera ederrak sortu zituzten berehala. Asier Llamas irurtzundarra Xotako atera itzuli zen, partida bateko zigorra bete eta gero, eta irurtzundarrak zaindari lanak ongi egin zituen. 17. minutuan Aspil Jumperseko Nachok txartela gorria ikusi zuen Fabinho heldu eta gero, Xotako jokalaria kontrako atean bakar-bakarrik zegoela. Juninhok egin zuen falta jaurtiketa eta baloia zuzenean sartu zen Marcaok defendatzen zuen atera. 1 eta 0 aurreratu ziren berdeak, baina bi minutu geroago bana berdintzea lortu zuen Terryk eta banakako berdinketarekin joan ziren atsedenaldira. 

Bigarren zatiko lehen minutuetan Aspil Jumpersek agindu zuen, baina Fabinhok Xotaren bigarren gola sartu zuen eta partidaren norabidea aldatu zuen. Asierrek tuterarren erasoak gelditu zituen eta Roberto Martil kapitainak kantxan galdutako baloi bat berreskuratuta sartutako golarekin 3 eta 1 aurreratu ziren berdeak. Atezain-jokalari formula erabilita 3 eta 2 gerturatu ziren Erriberakoak, baina minutu baten faltan laugarrena sartu zuen Asier atezainak, Erriberakoen atea hutsik zegoela ikusita bere areatik egindako jaurtiketa batekin. 

Imanol Arregik bere jokalariek egindako lana eta esfortzua nabarmendu zituen. “Garaipen oso garrantzitsua zen guretako, hil ala bizikoa, bigarren garaipen jarraitua lortzeak animoan eragina duelako. Pozik nago, taldeak eta jokalariek merezi zutelako. Partidako giroa ere bikaina izan da”. 

Sailkapena
Talde irurtzundarrak bigarren garaipena lortu du jarraian, eta sailkapenean eragin zuzena izan du, jaitsiera postuetatik atera direlako. Barçak jarraitzen du lider (21 puntu) eta Osasuna Magna Xota hamabigarren postura igo da (9 puntu). Aldiz, Ribera Navarra hamaseigarren postura jaitsi da, jaitsiera postuetan (7 puntu). Igandean Murtzian jokatuko du Imanol Arregiren taldeak, sailkapenean zazpigarren den El Pozo Murcia talde ahaltsuaren kontra, 12:00etan (LaLigaSportsTV, La7). 

Errege Kopako partida
Azaroaren 15ean, asteartearekin, Errege Kopako partida jokatuko du Osasuna Magna Xotak. Gran Canaria taldea izango du aurkari 20:00etan Kanaria uharteetan hasiko den partidan.