Areto futbola

Osasuna Magna Xotak Errege Kopan aurrera egin du

Guaixe 2022ko aza. 16a, 10:36
Osasuna Magna Xotak gorriz jokatu zuen Kanaria Handian. XOTA

Imanol Arregiren taldeak Gran Canaria FS taldearen kontrako partidari buelta eman zion


Osasuna Magna Xotak Errege Kopako partida jokatu zuen atzo, asteartea, Gran Canaria FS taldearen kontra, Kanaria Handian. Errege Kopan aurrera egitea lortu du talde nafarrak, bikain aritu zen Gran Canariari gailenduta. 

Lehen zatia gogorra izan zen. Gran Canaria arerio deserosoa zen, Imanol Arregi taldea ederki estutu zuena. Estrategia jokaldi batean Roberto Martilek baloia hartu eta Gran Canariako atea zulatu zuen. Horrela, atsedenaldira 0 eta 1-eko abantailarekin joan ziren berdeak, baina bigarren zatiko hasieran Gran Canariak partidari buelta eman zion. Berdinketaren gola sartu zuten berehala, eta ondoko jokaldian arbitroak Ion Cerviño partidatik kanporatu zuen Gran Canariako jokalari bat botatzeagatik. Jokalari bat gutxiagorekin egoteak taldea kaltetu zuen eta berehala iritsi zen kanariarren bigarren gola. 2 eta 1 aurreratu ziren kanariarrak. 

Osasuna Magna Xotak erantzun behar zuen eta Imanol Arregiren mutilek hala egin zuten. Juninhok bina berdindu zuen, baina Gran Canaria kontraerasoetan abila zen. Horrela, Imanol Arregik bosteko jokoaren alde egin zuen eta atezain-jokalari formula ongi atera zitzaien, talde berdeen jokalarien kalitatea hor nabaritu baitzen bereziki. Carlos Vento eta Andrés Geraghtyri esker, 2 eta 4 irabazi zuen Osasuna Magna Xotak eta Errege Kopan aurrera egin du. 

Cerviño eta Linhares gabe
Igandean Lehen Mailako ligako partida jokatuko du Osasuna Magna Xotak El Pozo Murcia taldearen kontra, Murtzian. Imanol Arregik bi baja garrantzitsu ditu, lesionatuta dagoen Jhonatan Linhares eta Ion Cerviño, kaleratua izan zenez partida bateko zigorra bete beharko baitu.