Areto futbola

20 minututan "partida pikutara bota zutela" dio Imanolek

Guaixe 2022ko aza. 22a, 11:00
Osasuna Magna Xota eta El Pozo Murciaren arteko partidako uneetako bat. Eskuinean Asier Llamas atezaina, lesionatu baino lehen. XOTA

Osasuna Magna Xotak porrot gogorra jaso zuen Murtzian

Osasuna Magna Xotak igandean El Pozo Murcia taldea izan zuen aurkari Murtzian. Jarraian hiru partida irabaztetik zetorren talde irurtzundarra, bolada onean, baina El Pozo Murcia taldeak guztia zapuztu zuen eta 7 eta 1 galduta eta jipoi ederra jasota itzuli dira Imanol Arregiren mutilak. 

Partida hasi eta lehen uneetan Osasuna Magnak ezin izan zuen El Pozoren presioa gainditu, baina talde berdeak oso ongi defendatu zuen. Aipatzekoa da arbitroek hartutako erabakiek ez ziela mesederik egin. Lehen zatiko erdialderako kontrako bost falta seinalatu zizkioten talde berdeari. Asier Llamasek ongi zaindu zuen atea; geldialdi bikainak egiteaz gain, penalti bikoitza gelditu zion Gadeiari. Baina hurrengo jokaldian eskua zapatu zioten eta erretiratu egin behar izan zen, lesionatuta. Oihan Sanchezek hartu zuen bere tokia eta penalti zalantzagarri bati egin behar izan zion aurre. Hor aurreratu zen El Pozo, 1 eta 0. 

Hortik aurrera partida hautsi egin zen. Beste bi gol sartu zituen El Pozok, baina Osasuna Magnak ezin izan zuen ongi erantzun. Bigarren zatian bost jokalarien jokoaren alde egin zuten bi taldeek. Akats baten ondoren laugarrena lortu zuen El Pozok, eta atsedenaldia baino lehen bosgarrena sartu zuen. 

Nahiz eta partida aldapan gora egon, Osasuna Magnak ez zuen etsi eta bigarren zatian gol aukerak sortzen saiatu zen. Baina El Pozo Murcia izan zen kontrako atean asmatu zuena, 6 eta 0. Fabinhok Xotaren gol bakarra sartu zuen eta bukaeran El Pozok 7 eta 1-ekoa sartu zuen. 

Imanol, haserre
Imanol Arregi haserre zegoen partida bukaeran. "Partida guztian ez gara egon. Tarteka gaizki eta tarteka oso gaizki aritu gara. Lehen zatia ahazteko modukoa da, gertatutako beste gauza batzuk tarteko, baina partida txarra egin dugu eta ez dago besterik" azaldu zuen teknikariak. Arbitroen lana baloratzea eskatuta, hortzak estutu zituen. "Badirudi hitz egiten badut ez dudala gehiago entrenatuko. Gure atezaina aldageletan dago, behatza lehertuta, eta ez dute bigarren txartel horia atera. Eta gainontzeko faltak... nahiago dut ez hitz egitea". Hala ere, autokritika egin zuen. "Ez dugu ongi jokatu. Lehen zatian hiru gol oparitu ditugu eta arbitroen erabakiei begira egon gara gehiago partidan baino. 20 minututan partida pikutara bota dugu" aitortu zuen. 

Asier Llamasek haustura du
El Pozo Murciaren kontrako partidan eskua zapatu zioten Asier Llamas atezainari. Astelehenean mediku probak egin zizkioten eta irurtzundarrak ezker eskuko hatz lodian haustura duela azaldu du klubak. 

Sailkapena
Barçak jarraitzen du Lehen Mailako Areto Futboleko Ligako lider (22 puntu). Galdu eta gero, jaitsiera postuetan dago berriz Osasuna Magna Xota. Hamabosgarren da (9 puntu), Ribera Navarraren gainetik (7 puntu). Murtzian gertatutakoa ahaztu beharko dute berdeek aste honetako atsedenaldian. Izan ere, UEFA Championsa dago jokoan. Datorren partida abenduaren 3an jokatuko du talde irurtzundarrak, sailkapenean zazpigarren den Noia Portus Apostoli taldearen kontra, Galizian.