Areto futbola

Ibarartek puntua ekarri zuen Ablitasetik

Guaixe 2022ko aza. 24a, 10:40

Hirugarren mailako Areto Futboleko Txapelketan Aralar Mendik atsedenaldi jardunaldia zuen

Asteburuan Hirugarren mailako txapelketako zazpigarren jardunaldia zegoen jokoan. Ablitasen jokatu zuen Ibararte Xotak, Bonel Construcciones Ablitas taldearen kontra. Bi taldeen arteko partida oso borrokatua izan zen. Biek gol aukera ugari sortu zituzten, baina baloia ez zen kontrako atean sartzen. 33. minutuan Jon Argandoñak Ibararte Xota aurreratu zuen, baina hiru minutu beranduago bana berdindu eta berriro lehia estuan hasi ziren bi taldeak. Markagailua ez zen gehiago mugitu eta puntu banaketarekin despeditu zen lehia. 

Bestalde, Uharte Arakilgo Aralar Mendik atseden jardunaldia izan zuen asteburuan. Hirugarren mailako areto futboleko lider Universidad de Navarra da (13 puntu). Ibararte Xota zazpigarren da (9 puntu) eta Aralar Mendi bederatzigarren (3 puntu). 

Igandean, derbia
Asteburuan zortzigarren jardunaldia dago jokoan eta Irurtzungo kiroldegiak Ibararte Xota eta Aralar Mendi taldeen arteko derbia hartuko du igandean, 12:30ean.