Areto futbola

Burua ezin altxa

Guaixe 2022ko aza. 28a, 11:00

Osasuna Magna Xotak ezin izan zuen Valdepeñas taldea etxean mendean hartu

Osasuna Magna Xota denboraldi hasiera kaxkarra izaten ari da. Talde irurtzundarrak ostiralean Valdepeñas taldea hartu zuen Anaitasunan eta 1 eta 3 galdu eta gero, jaitsiera postuetan jarraituko du. Atzera ere akatsek eta punteria faltak talde irurtzundarra kondenatu zuten. 

Partida hasi eta lehendabiziko sorpresa: Asier Llamas atezain irurtzundarraren tokia ez zuen orain arte bezala Oihan Sanchezek bete, 17 urte dituen Miguel Planillo atezainak baizik. Gainera, hasi eta berehala, lehen minutuan, Valdepeñasko Solanori egindako falta batengatik kontrako penalti bati egin behar izan zion aurre, Bateriak sartu zuena. Beraz, putzutik ateratzeko erremontatu beharra zuen Imanol Arregiren taldeak.

Ciudad Realeko taldeak Xota estutu zuen, baina Planillo ongi aritu zen. Eta Osasuna Magnak behetik gora egin zuen. Fabinhok, Geragthy eta Vento saiatu ziren, baina Valdepeñasko atezain Eduk euren asmoak zapuztu zituen. Gainera, Juninhok penaltia huts egin zuen. Talde berdeak Valdepeñas estutzen zuen, baina saririk gabe. 

Bigarren zatian joera berberak jarraitu zuen. Gol aukera ugari, baina baloia ez zen Valdepeñasko atean sartzen. Gainera, Bateriak egindako jaurtiketa batek Roberto Martilengan jo eta talde berdearen atean sartu zen. Handik gutxira Martilek gola sartu zuen, eta 1 eta 2 hurbildu ziren irurtzundarrak. Baina, alferrik. Valdepeñaskoen gol aukerak gauzatzen ziren bitartean Osasuna Magnakoenak ez ziren sartzen, eta azkenean 1 eta 3 galdu zuen talde berdeak, ezin erremontatu. 

Imanol Arregik nabarmendu zuenez, “huts egiten duguna ezin daiteke huts egin, hauxe Lehen Maila delako”.  

Jaitsiera postuetan
Barçak jarraitzen du areto futboleko lehen mailako lider (22 puntu). Osasuna Magna Xota hamabosgarren da (9 puntu) jaitsiera postuetan. Larunbatean sailkapenean zazpigarren den Noia Portus Apostoliren kontra jokatuko du Xotak, 13:00etan (LaLigaSportsTV)