Areto futbola

Xota, zulotik atera gabe

Guaixe 2022ko abe. 12a, 10:41

Osasuna Magna Xotak ezin izan zuen Jaenen sorpresarik eman. XOTA

Imanol Arregiren taldea punturik gabe itzuli zen Jaenetik 

Osasuna Magna Xotak Jaenen kontra jokatu zuen larunbatean, Andaluzian. Goiko postuetan dagoen Jaen taldearen kontra sorpresa eman nahi zuen talde nafarrak, baina ezinezkoa izan zen. 

Partida oso borrokatua izan zen. Jaen garaipena lortzera atera zen hasieratik, eta andaluziarren nahiei eusten nahikoa lan izan zuten Imanol Arregiren mutilek. Seigarren minutuan Jaenek gola sartu zuen, baina Osasuna Magna Xotak ongi erantzun zuen eta Linharesek bana berdindu zuen. Partida berdindu zen, baina atzera ere Jaenek aurreratzea lortu zuen, 2 eta 1-ekoa ezarriz. Nafarrek Jaen estutzen jarraitu zuten, baina arbitroak Fabinhori txartel gorria atera zion, jokalariak txartel horia protestatu eta gero, eta jokalari bat gutxiagorekin aritu beharra bere alde probestu zuen Jaenek, 3 eta 1 aurreratu baitzen. Hala ere, Xotak erasoan jarraitu zuen eta Dani Zurdok sartutako golari esker 3 eta 2 gerturatu ziren berdeak, atzera ere partidan sartuz. 

Atsedenaldia eta gero, Jaenek kontraerasoan sartu zuen euren laugarren gola. Eta lortutako aldea defendatzera mugatu ziren andaluziarrak. Xotari jokaldi arriskutsuak sortzea kosta egin zitzaion, baina hala ere hiru jokaldi oso argi izan zituen, aprobetxatu ez zituenak. Azken minutuetan Imanol Arregik Juninho atezain-jokalari postuan jarri zuen, baina estrategiak ez zuen fruiturik eman, Jaenek bosgarren gola sartu baitzuen. 5 eta 2 galduta, itzulera gogorra izan zuten Imanol Arregiren mutilek.

Imanol Arregik nabarmendu zuenez, “Fabioren kanporatzeak guztiz baldintzatu gaitu, eta nahiz eta 3 eta 2 gerturatzea lortu, eurek sartutako laugarren golak min handia egin digu. Hala ere, saiatzen jarraitu dugu, baina ezinezkoa izan da”. 

Barçak jarraitzen du Lehen Mailako lider (31 puntu), Mallorcari lau puntu aterata (27 puntu). Osasuna Magna Xotak jaitsiera postuetatik ezin atera jarraitzen du. Hamabosgarren da (12 puntu). Datorren jardunaldian talde berdeak partida zaila du aurretik, sailkapenean bigarren den Mallorca Palma Futsal hartuko baitu Anaitasunan.