Areto futbola

Xota garaile Nafarroako 16 urtez azpiko selekzioaren kontrako lagunartekoan

Guaixe 2022ko abe. 15a, 11:00

Bi taldeek talde argazkia egin zuten partida bukaeran. JOSE LUIS GORRIA

Lehen Senior Mailako Txapelketan ere txukun dabiltza Xotako neskak

Abenduaren lehen asteburuko geldialdia probestuz, Lehen Senior mailan dabilen Xotak eta Nafarroako 16 urtez azpiko selekzioak lagunarteko partida jokatu zuten Irurtzunen. Partida lehiatu eta entretenigarria izan zen, bi taldeek garaipena lortzeko gogoz lehiatu zirelako. Azkenean, 3 eta 2 gailendu ziren Xotako neskak. 

Une gozoan jarraitzen du Xotak, asteburuan Lehen Senior Mailako zortzigarren jardunaldia jokatu baitzen eta puntu garrantzitsua ekarri zutelako Azkoiendik. Azkoien taldearen kontrako partida maldan gora jarri zitzaien irurtzundarrei, zazpigarren minuturako Erriberakoak 2 eta 0 aurreratu zirelako, baina Xotako neskek ez zuten etsi eta bina berdintzea lortu zuten, garaipen zaporea izan zuena. 

Sailkapenean Lacturale Orvina A taldea da liderra (21 puntu) eta Xota hirugarren da (10 puntu). Igandean, 12:00etan, zortzigarren den Transportes AGR Ribera Navarra taldea hartuko dute Irurtzunen. 

Gizonen Hirugarren mailako partidak, atzeratuta
Areto Futboleko Hirugarren mailan asteburuan bederatzigarren jardunaldia jokatu zen baina Aralar Mendik eta Ibararte Xotak euren partidak atzeratu zituzten. Oliteren kontra Aralar Mendik zuen partida abenduaren 23an jokatuko da, 20:00etan, eta Kirol Sport eta Ibararte taldeen artekoa abenduaren 21ean, 20:30ean. 

Hirugarren mailako liderra Universidad de Navarar da (19 puntu). Ibararte Xota zazpigarren da (10 puntu) eta Aralar Mendi zortzigarren (6 puntu). Asteburu honetan hamargarren jardunaldia dago jokoan eta Ibararte Xotak sailkapenean azkena den Vulcanizados Ruiz Tafa taldea hartuko du, larunbatean, 16:00etan, Irurtzunen. Aralar Mendi taldeari atseden jardunaldia dagokio.