Auzokonposterako espazio faltak ekarri du bosgarren edukiontzia

Guaixe 2022ko abe. 20a, 14:00

Azokan argibideak emateko jarritako informazio postua. HONDAKIN ZERBITZUA

Irurtzunen materia organikoa kudeatzeko konpostaren alde egin zen. Udala eta Sakanako Mankomunitateko Hondakin Zerbitzua auzokonpostagailu gehiago jartzeko toki bila egon dira, baina opatu ez dutenez, edukiontzi marroia iritsi da.

Legediak dioenez, 2020 urterako herritarrek sortutako materia organikoaren %50 bereizita jaso eta tratatu behar zen. Irurtzun ez zen horretara iritsi. Herrian materia organikoa kudeatzeko norberak etxean konposta egitea edo auzokonposta egitea lehenetsi zen. Horretarako zortzi auzokonpostagailu jarri ziren Irurtzunen. Sakanako Mankomunitateko hondakin teknikari Olatz Garde Mazkiaranek azaldu duenez, ″oso ongi funtzionatzen du. Bakoitzak bere arduradunak ditu. Eredugarria da. Gainera, onuragarria da: herrian materia organikoa kudeatzean bertan erabiltzeko aukera dago eta garraio kostuak kentzen dira″. 

Baina legea bete eta materia organikoaren erdia egoki kudeatzeko zortzi auzokonpostagailu beharrean gutxienez hamalau beharko zirela kalkulatu zuten Hondakin Zerbitzuan. ″Arazoa izan dugu auzokonpostagailuak jartzeko tokiekin. Saiatu gara auzokonpostagailuak jartzeko egokiak diren lur eremu publikoak identifikatzen eta, nahi bai, baina ez dugu lortu″, azaldu du Gardek. Gaineratu duenez, ″2027rako sortutako materia organikoaren %70 gutxienez banatuta bildu behar dela dio legeak. Hau da, are auzokonpostagailu gehiago beharko lirateke Irurtzunen″.  

Gardek argitu duenez, ″Sakana osotasunean hartuta legediak zehazten duena betetzen du. Baina ez dugu bataz bestekoarekin gelditu nahi. Hobetzeko potentzial handiagoa duten herriei bultzada eman nahi diegu. Irurtzunek hondakinen legedia betetzeko, gutxienez %10ean handitu beharko luke gaikako bilketa tasa, gaur egun %40 jasotzen baita bereizita″. Teknikariak datu gehiago eman ditu: ″Sakanan organikoa bereizten ez zenean jasotako errefusa guztiaren %46 zen. Irurtzunen gaur egun jasotzen den errefusaren %38 da materia organikoa″. Beraz, edukiontzi berdera materia organikoa botatzen dutenak marroira botako balute, legeak ezarritakoa betetzeko pauso handia emanen luke Irurtzunek.

Beraz, hondakinei buruzko legedia betetzen dela ziurtatzeko 5. edukiontziaren alde egin dute. Ontzi marroiak gainontzeko edukiontziak dauden tokietan jarri dira, baina giltzapetuta daude. Horrekin batera Hondakin Zerbitzuak komunikazio kanpaina egin du eta, ondorioz, irurtzundarrek etxean informazio material espezifikoa eta hondakinen gida jaso dute. Aurrez aurreko informazioa emateko eta zalantzak argitzeko azokan eta Barazkigunean ere izan ziren zerbitzuko hezitzaileak. Bosgarren edukiontzia erabiltzeko izena eman zutenek ere materiala jaso zuten: 10 litroko ontziak, poltsa
konpostagarriak eta edukiontzi marroirako giltzak. Sakanako Mankomunitateak 19.507,45 euro inbertitu du horretan guztian, eta, horretarako, Nafarroako Hondakinen Funtsaren 10.915,09 dirulaguntza izan du. eta gainontzekoa bestelako laguntzekin ordaindu du.