Areto futbola

Gauzatu gabe "ezinezkoa dela" dio Imanolek

Guaixe 2022ko abe. 19a, 10:50

Ion Cerviño irurtzundarra, partidaren une batean. XOTA

Osasuna Magna Xotak Palma Futsal hartu zuen eta nahiz eta ongi jokatu, punteria falta nabarmena izan zuen berriz

Osasuna Magna Xotak ongi jokatzen du eta gol aukera ederrak sortzen ditu, baina gero ez ditu gauzatzen. Punteria falta, hori da Imanol Arregiren taldeak duen arazo nabarmena eta ostiralean Anaitasunan Palma Futsalen kontra 1 eta 3 galtzearen arrazoi nagusia. 

Ongi jokatu zuen talde berdeak, baina kontrako atean ez zuen asmatu. Argi eta garbi. Palma Futsalek, aldiz, punteriarekin ez zuen arazorik izan. Partida hasi eta berehala, bigarren minutuan, aurreratzea lortu zuen. Hala ere, Imanolen jokalariek ongi erantzun zuten eta Fabinhok bana berdintzea lortu zuten, baina atzera ere Palmak aurreratzea lortu zuen. Osasuna Magna behin eta berriz saiatu zen, baina baloiak ez zuen sartu nahi. Aldiz, Palmak hirugarrena sartu zuen eta partida erabakita utzi zuen. 

Imanol Arregik argi eta garbi nabarmendu zuenez, “ez gara gauzatzeko gai, eta horrela ezinezkoa da. Gol bakarra sartuta, ezin da irabazi eta ia denboraldi osoa daramagu horrela”. Astero “ia kontu bera” gertatzen dela gaineratu zuen, “aspergarria ere badena”. Bestalde, lesioek min handia egiten dietela ez zuen ukatu. “Denboraldia hasi baino lehen kezkatuta nengoen, plantilla murritza dugulako, eta baja bat dagoen aldiro drama bat delako. Gainera, baja guztiak jokalari garrantzitsuenak dira”

Asteazkenean, Sevillan
Barça da liderra (34 puntu) eta Xota hamaseigarren postuan dago, azkena (12 puntu). Burua altxatu eta lehenbailehen erantzun beharrean daude berdeak, mailari eusteko borroka latza baitute aurretik. Asteazkenean sailkapenean hamabigarren eta arerio zuzena den Real Betis Futsal taldearen kontra jokatuko dute irurtzundarrek, Sevillan.