Areto futbola

Xotak ligan azkena dela despedituko du urtea

Guaixe 2022ko abe. 22a, 09:58

0 eta 2 aurreratua egon zen Xota, baina ez zuen partida ixten jakin. UTZITAKOA

Talde irurtzundarrak ez zuen Betisen kontrako partida itxi, eta garesti ordaindu zuen

Lehen Mailako sailkapenean azkena dela hasiko du urte berria Osasuna Magna Xotak. Asteazkenean postu hori uzteko aukera zuen talde irurtzundarrak, Betisen kontra irabaziko balu zulo horretatik aterako zelako, baina ez zuen aukera aprobetxatu, eta 0 eta 2 irabazten joan ondoren, partida ez zuen behar bezala itxi eta 5 eta 3 galtzen bukatu zuen. 

Betis Futsalen kontra Sevillan jokatutako partida ongi hasi zuten Imanol Arregiren mutilek. Roberto Martil kapitain irurtzundarrak mustu zuen markagailua gol ederra sartuta, eta bigarrena Tony Escribanok sartu zuen. Baina atsedenaldira joan baino lehen Betisek gola egin eta 1 eta 2 hurbildu zen. 

Bigarren zatian partidari buelta ematera atera zen Betis, eta nafarrak ia konturatu ere egin gabe bina berdindu eta 3 eta 2 aurreratu ziren. Talde nafarra saiatu zen, baina ezin, eta Betisek laugarren gola sartu zuenean hilzorian utzi zuen Osasuna Magna Xota. Imanolek atezain-jokalari formula erabili zuen eta Linharesen golarari esker 4 eta 3 hurbildu ziren berdeak eta atzera ere partidan sartu ziren, baina Betisek bosgarren gola sartu eta partida erabakita geratu zen. 5 eta 3 galduta, jota itzuli ziren jokalari nafarrak. Gainera, Toni lesionatu egin zen eta horrek taldea gehiago kaltetu zuen. 

Barçak jarraitzen du Lehen mailako lider sendo izaten (37 puntu) eta Xota hamaseigarrena da, azkena (12 puntu). Gabonetako oporren ondoren, ilbeltzaren 14an eta 15ean jokatuko dira hamaseigarren jardunaldiko partidak. Osasuna Magnak sailkapenean zortzigarren den UMA Anteguera hartuko du Anaitasunan.