Areto futbola

Osasuna Magna Xotak Rosic fitxatu du

Guaixe 2023ko urt. 9a, 10:42

Dorde Rosic. XOTA

Serbiarrak “erasoan freskotasuna eta defentsan intentsitatea” ekartzea espero du Imanol Arregik

Neguko merkatuan Osasuna Magna Xotak Dorde Rosic 22 urteko jokalari serbiarra fitxatu du, KMF Loznika Grad taldetik iritsi berri dena. Rosic Serbiako selekzioko jokalaria da, internazionala, hegalekoa, eta fitxaketak haize berria emango dio Imanol Arregik gidatzen duen taldeari. 

“Rosic jokalari azkarra da, oso trebea eta ongi defendatzen du. Erasokorra da eta ongi mugitzen du baloia. Ea burokrazia kontuak azkar konpontzen diren eta lehenbailehen hasteko aukera duen, taldean guztia behar dugulako” esan du teknikariak. 

Talde berdeak makina bat baja ditu, eta errotazioetarako ezinbestekoa izango da Rosic. “Erasoan freskotasuna eta trebetasuna, defentsan eta kontraerasoetan intentsitatea, airea eta jokatu ahal izateko beste errotazio bat. Hori ekarri beharko luke Rosi-ekc, bere ezaugarriak kontuan hartuta” gaineratu du teknikariak. 

Hurrena, Antequera
Osasuna Magna Xota egoera zailean dago, Lehen Mailako sailkapenean azkena baitago, hamaseigarren postuan (12 puntu). Barça da liderra (37 puntu). Ostiralean, talde nafarrak BeSoccer UMA Antequera taldea hartuko du Anaitasuna pabilioian, 20:00etan hasiko den partidan. Irabaztea, hori da Xotak nahi duena, azkeneko postu madarikatu horretatik ateratzeko.