Klarinetearen munduan murgiltzeko maratoia

Erkuden Ruiz Barroso 2023ko urt. 10a, 10:41

Jasone Etxebeste, ezkerrean goian, klarinete laukote lehiaketan parte hartu zuten irurtzundarrekin. UTZITAKOA

Irurtzungo zazpi klarinete ikaslek Zumaiako Klarinete Maratoian parte hartu dute, eta talde bat sariarekin itzuli da: laukote txapelketaren irabazleak izan dira. Ikastaroaren 21. edizioa izan da. 

Klarinete Maratoia deitutako klarinete "ikastaro" bat egin dute 21 urtetan, abenduaren erdialdean, Zumaian. Lau egunez Euskal Herriko klarinete jotzaileak bildu dira entseatzeko eta igandean astean zehar ikasitako abestien kontzertua eskaini zuten. Antolakuntzak jakinarazi zuenez aurtengoa azken edizioa izan da. Zumaian bildutako ehun bat klarinete jotzaileren artean, Irurtzungo musika eskolako zazpi ikasle eta Jasone Etxebeste irakaslea izan ziren.

"Helburua Euskal Herriko klarinete jotzaile pila bat elkartzea eta igandean kontzertua ematea da", azaldu du Etxebestek. Aurten abenduaren 14tik 18ra egin dituzte entseguak, asteazkenetik ostiralera arratsaldez eta larunbatean goizez. Joan etorrian egon dira irurtzundarrak, eta larunbatean Zumaian lotara gelditu ziren. "Beraiendako mundu horretan egotea da, klarinetearen mundu horretan. Sakanan klarinetea ez da oso ohikoa, eta bat-batean Zumaiara joan eta ehun jotzailetatik gora daude". Parte hartu zuten irurtzundarrek 9 urte 15 urte arte dituzte.

Kontzertuak eta beste
Taldekako entseguak eta azken eguneko kontzertua ez ezik, maratoiak iraun bitartean hainbat ekimen egiteko aukera izan dute klarinete jotzaileak. Esaterako Carlos Casadó Espainiako Orkestra Nazionaleko klarinete jotzaileak masterclass bat eskaini zuen, eta taldekako klaseak eta goi mailako ikasleei bakarkakoak ere eman zizkien. Gasteizko Kontserbatorioko ikasleen kontzertua izan zen, baita luthier bat edo instrumentuak konpontzen dituen tsona baten hitzaldia izan zuten ere. Maratoiaren barruan antolatzen duten beste ekimen garrantzitsu bat laukote lehiaketa da.

Laukote lehiaketan hiru kategoria zeuden: Ludoteka 8 eta 12 urte arteko ikasleendako, Gaztetxola 13 eta 16 urte arteko gazteendako eta Jaialdi 17 eta 20 urte bitartekoendako. Klarinete ikasle irurtzundarrek lehiaketa lehenengo bi kategoriatan parte hartu zuten: Berezi Carrascal, Maider Pires eta Jare Osacar lehenengo kategorian, eta Nahia Cantera, Jone Azkona, Lujan Mata eta Aiora Dorai bigarrenean. Guztira, hamabost taldek parte hartu zuten eta txikienek saria Sakanara ekarri zuten. "Kategoria bakoitzean bost bat talde zeuden eta saria ekartzea asko da. Ez zen erraza izan".

Urval Ensemble, ZUMB, Nazioarteko Musika jaialdiko irakasleek antolatu zuten lehiaketa; maratoiaren zuzendariak, Madrilgo Casadók, Andoaingo irakasle batek eta Etxebestek.