Frontenisa

Irurtzungo Txapelketa, errekorrak apurtuz

Maider Betelu Ganboa 2023ko urt. 17a, 11:00
Irurtzun Frontenis Txapelketako finalista guztiak. Txapeldunen erdian, Asier Galarza antolatzailea. UTZITAKOA

64 bikotek hartu zuten parte estatuko txapelketarik jendetsuena izan den Irurtzungo Frontenis Txapelketan, estatuko frontenista onenak. Zortzi pilotalekutan jokatu zen eta Adrian Ruiz eta Jose Angel Claveria dira txapeldun handiak

Asier Galarza irurtzundarra eskerrak jaso eta jaso dabil egunotan. Berak antolatu zuen ilbeltzaren 7an jokatutako VIII. Irurtzun-Arakilgo Frontenis Txapelketa, beste behin itzela izan zena. "Aurten guztira 80 bikote nituen izena emanda, baina antolakuntzagatik ezinezkoa zen eta azkenean 64 bikotera mugatu behar izan nuen. 128 pertsonek hartu dute parte. Estatuan partaide gehien izan dituen txapelketa izan da beste behin, errekorra" azaldu du Galarzak. 

64 bikote horien artean 10 inguru sakandarrak ziren, "gehienak irurtzundarrak", eta gainontzekoak estatuko txoko guztietatik etorritakoak, Euskal Herriaz gain Madril, Leon, Segovia, Valladolid, Bartzelona, Zamora, Soria, Zaragoza, Huesca, Burgos... "denetatik. Eta ez hori bakarrik, espainiar estatuko frontenista onenak dira Irurtzunera etorri zirenak. Horregatik maila handiko txapelketa izan da; berdintasuna da txapelketaren ezaugarri nagusia. Hori nabarmenduko nuke. Oso pozik nago estatuko goi mailako frontenistak etorri direlako eta urtero txapelketaren maila igotzen ari delako" nabarmendu du Galarzak.

Zortzi frontoi
Partaidetza zenbaki horiek ikusita txapelketa zortzi frontoitan jokatu zen, Etxarri Aranatzen, Lakuntzan, Uharte Arakilen, Etxarrenen, Irurtzunen, Latasan, Aldatzen eta Lekunberrin. Goizeko kanporaketako partidak bertan jokatu ziren eta arratsaldeko final laurdenak, finalardiak eta final handia Irurtzungo pilotalekuan erabaki ziren, Matxainen bapo bazkaldu ondoren. "80 pertsona bildu ginen bazkaltzera, hori ere beste errekor bat izan zen" dio Galarzak irribarrez. Kanpotik horrenbeste jende heldu zenez, Irurtzungo jatetxe eta ostatuetan ohi baino mugimendu handiagoa egon zen eta herrian giro ederra sortu zen.

Asier Galarza palista eta frontenista da eta berak ere txapelketan parte hartu zuen, Jesus Dominguez iruindarra biko zuela. Joan zen urtean hirugarren sailkatu zen Galarza, baina aurten ezin izan zen finaletara sailkatu. "Finalerdietan erori ginen gerora txapeldunordeak izan ziren Manolo Ortizen (Andorra) eta Ruben Rojoren (Guadalajara) kontra. Alde batetik pena dut galdu genuelako eta finalaren atarian geratu ginelako -ordu erdiko partidak ziren, eta 10 eta 6 galdu zuten-, baina bestetik kontentu, txapelketak izandako harrera bikainarengatik eta guztia ongi atera zela ikusita" aitortu du.

Final handia Adrian Ruizek (Bilbo) eta Jose Angel Claveriak (Pitillas) irabazi zuten, hain zuzen ere joan zen urtean txapeldunordeak izan zirenak, Manolo Ortizi eta Ruben Rojori ordu erdiko partidan 6 eta 2 irabazita. "Kriston partida izan zen" dio Galarzak. Txapeldunek 800 euro eta txapela jaso zuten. txapeldunordeek 400 euro eta hirugarrenek (Isra eta Fernando leondarrak) eta laugarrenek (Dani Gil eta Ivan Coro aragoiarrak) 150 euro. Horretaz gain, partaide guztiek kamiseta, eta Lacturale eta bestelako produktuen loteak jaso zituzten opari, Irurtzungo eta Arakilgo babesleek emandako laguntzari esker, eta baita egun osoko hornidura ere. 

Guztiak pozik
Txapelketaren balorazioa ezin hobea da. "Jendea oso pozik dago. Hori diote, behintzat. Esker oneko mezu asko ari naiz jasotzen egunotan; askok datorren urtean berriro aritzeko gogoz daudela diote. Horrek izugarri pozten nau eta aurrera jarraitzeko indarra ematen dit. Honen atzean lan ordu mordoa dago, baina guztia ongi atera dela ikustea handia da". Antolaketan jasotako laguntza eskertu du Galarzak.