Areto futbola

Ilusioaren itzulera

Guaixe 2023ko urt. 16a, 10:49

Osasuna Magna Xotakoak, garaipena ospatzen. XOTA

Osasuna Magna Xotak hiru puntu oso garrantzitsu lortu zituen eta azkeneko postutik atera da

Osasuna Magna Xotak Antequera taldea hartu zuen ostiralean Anaitasunan. Partida oso garrantzitsua zen talde berdearendako, sailkapenaren azken postuko zulotik atera eta gora begira jartzeko. Zorionez, taldeak bikain jokatu zuen, 3 eta 1 irabazi zuen, eta garaipen oso garrantzitsua da, azken postua atzean utzi du. 

Guztira 2.180 futbol zale bildu ziren Anaitasunan, primerako giroan. Partidaren hasieran bi taldeek ongi jokatu zuten, ez zen inor gailendu. Xotaren fitxaketa berria, Darde Rosic serbiarra, hasieratik nabarmendu zen. Bikain jokatu zuen, eta bere asistentzia batekin Roberto Martilek mustu zuen markagailua, 9. minutuan. Berdeek Antequera estutzen jarraitu zuten, eta atsedenaldia baino lehen bigarren gola sartu zuen Juninhok. 

Bigarren zatian partidak bere horretan jarraitu zuen. Aukera gehiago izan zituen Imanol Arregiren taldeak, baina Antequerako atezaina fin ibili zen. Antequerak ez zuen partida galdutzat eman eta arrisku gehiago sortu zen. 31. minutuan sartutako golari esker 2 eta 1 gerturatu ziren markagailuan, baina berdeek ez zuten garaipena arriskuan jarri nahi izan. Zaleen babesak bultzatuta, Geraghtyk hirugarren gola lortu zuen, talde berdeari lasaitasun handia eman zion gola. Horrela, azkenean 3 eta 1 irabazi zuen Osasuna Magna Xotak, urrea balio duen garaipena, lehen mailako azken postua atzean uztea eta gorako bidean jartzea ahalbideratu diena. 

Hiru puntu "oso garrantzitsu"
Imanol Arregi entrenatzailea pozik zegoen. “Garaipen oso garrantzitsua da, eta justua. Azkenean hiru puntuak lortu ditugu, sufrituta, oso garrantzitsuak direnak” nabarmendu zuen. Asier Llamas eta Toni Escribano osatu eta taldera itzuli dira, Carlos aurki errekuperatzea espero du Imanolek eta Darde Rosic fitxaketa berriaren lanarekin kontentu dago teknikaria. “Oso ongi aritu da. Astebete darama entrenatzen, ez du gaztelera ulertzen eta ahal dugun moduan ulertzen dugu elkar. Oso argia da eta ziur taldean berehala egingo duela bere tokia” azaldu zuen. 

Ostiralean, Cartagena
Barçak jarraitzen du Lehen mailako areto futbol txapelketako lider (40 puntu). Osasuna Magna Xotak azken postua, hamaseigarrena, atzean utzi du eta hamahirugarren da (15 puntu). Ostiralean, ilbeltzaren 20an, sailkapenean seigarren den Jimbee Cartagena izango du aurkari Xotak, 21:00etan (LaLigaSportsTV). Ilusio handiz, garaipenaren xendan jarraitu nahi du talde irurtzundarrak, Lehen mailari eusteko helburua gauzatzeko.