Areto futbola

Cartagenatik punturik gabe

Guaixe 2023ko urt. 23a, 10:50
Osasuna Magna Xotako Roberto Martil kapitaina, baloiagatik borrokan. XOTA

Osasuna Magna Xotak Jimbee Cartagenaren kontra berdintzeko aukera izan zuen, baina ez zuen erabaki

Osasuna Magna Xotak Jimbee Cartagena izan zuen aurkari ostiralean, Murtzian. Bi taldeak ongi hasi ziren, baina azken lau jardunaldiak galdu eta gero Cartagenak egoerari buelta eman nahi izan zion, eta berehala aginte makila hartu zuen. Baloiaren jabetza eurena izan zen, eta hamaika jokaldi arriskutsu sortu zituen. Horrela, bosgarren minuturako etxekoak aurreratu ziren. Hala ere, Osasuna Magnak ez zituen besoak jaitsi eta lehen zatiaren bukaera aldera bana berdindu zuen. 

Bigarren zatian nafarrek pausoa eman zuten aurrera eta baloiaren jabetza eurena izan zen lehen minutuetan, baina ez zuten partida haustea lortu. Aldiz, euren lehen gol aukeran 2 eta 1 aurreratu ziren Cartagenakoak eta berehala hirugarrena sartu zuten. Imanol Arregik atezain-jokalari formula erabili zuen eta Fabinhoren golari esker 3 eta 2 hurbildu eta berdeak berriro partidaren borrokan sartu ziren. Dani Zurdok berdintzeko aukera izan zuen, baina Cartagenak ongi babestu zuen bere burua. Partida bukatzear zela Cartagenaren laugarrena iritsi zen eta 4 eta 2 irabazita, puntuak Cartagenan geratu ziren. 

Lehen mailako areto futboleko liderra Barça da (43 puntu). Osasuna Magna Xota hamahirugarren postuan dago (15 puntu), jaitsiera postuetatik oso gertu. Horregatik “partida ia guztiak, etxekoak bereziki, ia finalak dira” nabarmendu zuen Imanol Arregik. “Cartagenan berdintzea merezi izan dugu, aukera argiak izan ditugulako, baina ez da posible izan. Hala ere taldeak egindako lanarekin kontentu nago. Orain hurrengo partidan pentsatu beharra dugu, Manzanaresen kontrakoan” gaineratu zuen. 

Manzanares hartuko dute
Ostiralean Osasuna Magna Xotak 13 punturekin sailkapenean azkena den Quesos Hidalgo Manzanares hartuko du Iruñeko Anaitasuna pabilioian. Hiru puntuak irabaztea oso garrantzitsua da berdeendako, Manzanares arerio zuzenarengatik aldenduko direlako, eta zaleen laguntza eskatu dute berdeek. Manzanares ere egoera berean dago eta, beraz, lehia estua aurreikusten da.