Areto futbola

Luzapen madarikatua

Guaixe 2023ko urtarrilaren 26a

Osasuna Magna Xota Peñiscolaren kontra ibili zen partida guztian barna. XOTA

Osasuna Magna Xota Peñiscolaren kontra erori eta Errege Kopatik kanpo geratu da

Ez dira betiko garai onenak Osasuna Magna Xotarendako. Atzo, asteazkena, Imanol Arregiren taldeak Errege Kopako final zortzirena jokatu zuen Peñiscolaren kontra, Castellonen. Peñiscola Areto Futboleko Bigarren mailako liderra da, partidarik galdu gabe, eta argi erakutsi zuen zergatik. 

Osasuna Magna Xota Peñiscolaren atzetik ibili zen partida guztian. Partida hasi eta 12 segundora eta pase txar baten ondorioz Peñiscola atean geratu zen bakarrik eta Juninhok eskuarekin gelditu zuen baloia. Penaltiari esker Peñiscola aurreratu zen eta Juninho aldageletara bidali zuen arbitroak. Gaizki hasi ziren gauzak berdeendako. Osasunak gol aukera gehiago sortu zituen eta azkarrago jokatu zuen, baina talde nafarrak galdutako beste baloi bat bereganatuta bigarrena sartu zuten etxekoek. Darde Rosik sartutako golari esker 2 eta 1 gerturatu zen Xota. Bigarren zatian Peñiscolak hirugarrena sartu zuen, baina Roberto Martilek berdeen bigarrena sartu zuen eta partidak zabalik jarraitu zuen. Baloi zirkulazio akats baten ondorioz iritsi zen Peñiscolaren laugarren gola, baina Iosu Mendive ziur aritu zen partida bukaeran eta bi minututan bi gol sartu zituen, launa berdinduz. Luzapenak erabakiko zuen. 

Luzapenaren lehen minutuak kalbario hutsa izan ziren Osasuna Magna Xotakoendako, Peñiscolak guztia haztatu baitzuen. Ia konturatu gabe lehen zatian 7 eta 4 aurreratu ziren Peñiscolakoak, eta bigarren zatian zortzigarren gola sartu zuten. Osasuna Magna Xotak ezin izan zion partidari buelta eman eta 8 eta 4 galduta, Errege Kopatik kanpo geratu da. 

Imanol Arregik aitortu duenez, "luzapena desastre hutsa izan da".

Burua ligan
Kopa ahaztu eta ligan jarri du arreta Imanol Arregiren taldeak. Helburua salbazioa da, Lehen mailari eustea. Ostiralean, hilak 27, Osasuna Magna Xotak sailkapenean azkena den Quesos Hidalgo Manzanares hartuko du Iruñeko Anaitasuna pabilioian. Hiru puntuak irabaztea oso garrantzitsua da berdeendako, Manzanares arerio zuzena baita beheko postuetan.