Areto futbola

Xotako neskak Nafarroako txapeldunak, oe, oe, oe...

Maider Betelu Ganboa 2023ko ots. 1a, 13:30
Xotako neskak, garaipena ospatzen. XOTA

Emakumezkoen Haurren Mailako Areto Futbol Txapelketa despeditzeko jardunaldi baten faltan, Irurtzungo Xota taldea da txapeldun handia. Bi urtez zuloan egon ondoren, burua altxatu, eurengan sinistu eta lan gogorraren saria da

Emakumezkoen Haurren Mailako Areto Futbol Txapelketa irabazi zuen asteburuan Irurtzungo Xota taldeak, partida estu eta zirraragarrian Canterari 1 eta 2 irabazi eta gero. Liga despeditzeko partida baten faltan lortu zuten txapeldun izatea, eta igandean Irurtzungo Atakondoan 11:00etan Arbonaren kontra jokatuko duten partida festa ederra izango da.

Oso pozik dago entrenatzailea, Juanpe Arregi Sarasa. Bere garaian Xotako jokalari izandakoak -Xotako presidente Tatono Arregiren eta Osasuna Magna Xotaren entrenatzaile Imanol Arregiren anaia da- duela hiru denboraldi hartu zuen taldea entrenatzeko ardura, bertan jokatzen duen Nahia Arregi alabak eskatuta. "Makina bat talde entrenatu izan ditut, mutilenak eta neskenak, Ohorezko mailakoak, zilarrezko mailakoak, jubenilak... eta uztekotan nengoen, baina alaba eta bere lagunak etorri zitzaizkidan eta euren ilusioa ikusita, ezin izan nien ezetz esan. Gainera, badakizu, gustuko tokian aldaparik ez" dio Juanpe Arregik irribarrez.

Lezio garrantzitsua
Hasierak ez ziren errazak izan. "Ez zuten inoiz areto futbolean jokatu, eta zerotik hasi ginen. Lehendabiziko bi urteak oso gogorrak izan ziren. Lehen denboraldian partida guztiak galdu zituzten, eta sekulako jipoiak jasota. Eta iaz soilik partida bat irabazi zuten, Championsa irabazi balute bezala ospatu zutena" oroitzen du. Baina garrantzitsuena neskek zuten gogoa zen. "Partida galduta ere, astelehenean denak agertzen ziren entrenatzera, irribarrez".

Juanpek ezin du bere poztasuna ezkutatu. "Entrenatzaile gisa, niretako sekulakoa izan da, bereziki taldeak izan duen garapena ikustea eta euren egunerokotasuna jarraitzea. Egoera gogorrenetan ez zuten inoiz etsi, lanean eta borrokan gogor jarraitu zuten, konstantziaz, eta euren buruan sinistu zuten. Bizitzarako lezio garrantzitsua ikasi dute, kirolaz gaindi euren egunerokotasunerako oso ongi etorriko zaiena. Kirolean hasi berri den talde bat entrenatzea eta balio horiek guztiak transmititzea lortzea niretako oso handia da" dio.

Juanpe Arregi: "Lehendabiziko bi urteak gogorrak izan ziren. Partida bakarra irabazi genuen"

Lanaren ordaina
Zer gertatu da urte honetan, azkeneko bi denboralditan ia dena galdu eta aurten partidarik galdu gabe jardunaldi baten faltan txapeldunak izateko? "Ba azkenean orain arte egindako lanak ordaina izan duela. Egindako guztiak merezi izan duela. Erori ondoren altxatu, eta egiten duzunean sinistu; horrela guztia helduko da. Aurten taldeak bilakaera izan du; lehiatzen ikasi dute, eta akatsak zuzentzen. Cantera eta Orvina taldeak erreferente nagusiak dira, talde onenak. Dena irabazten ziguten. Aurten, Canterari lehendabiziko aldiz 4 eta 1 irabazi genienean taldekide batek esan zuen: baina ikusi duzue zer egin dugun? Joan zen urtean Canterak hamasei gol sartu zizkigun. Hamasei. Eta jokalari berberak ziren. Nik uste dut inflexio puntua izan zela eta bere burua edozer gauza egiteko gai sentitu zutela".

Txapeldunak izateaz gain, Nahia Arregi ligako goleatzaile nagusia da, eta Xotako jokalariren bat Nafarroako selekzioan aritu da. "Atezainari bere maila baino gorago dagoen kadete mailan aritzeko deitu zioten. Denboraldi ederra izaten ari da".

Juanpek oso argi du Xota txapeldun izateak "egin duten lanari eta jarraikortasunari saria" izan dela. Igandean ligako azken partida jokatuko dute, etxean, Atakondoan, Arbona taldearen kontra. Ligako txapeldunak direla ospatzeko egun bikaina. "Disfrutatzeko esan diet. Gozatu dezatela. Lorpen eder hau etxean ospatzea bikaina izango da. Eta ondoren joan daitezela bazkaltzera eta festa egin dezatela" dio entrenatzaileak, pozik. Giroa ziurtatuta dago.

Juanpe Arregi: "Ez zuten inoiz etsi. Euren buruan sinistu zuten, eta txapelketa hau irabaztea lan horren ordaina da"

Kopa eta Espainiako Txapelketa
Liga despeditu ondoren Kopari ekingo dio Xotak, eta ekainean oraindik zehaztu ez den tokian jokatuko den Espainiako Txapelketara joango dira, "merezi dutelako, guztiz. Beharrezko ate guztiak joko ditut bitartekoak lortzeko. Esperientziaz disfrutatu dezatela".

Haurren mailako garaipen honek beste berri on bat dakar, emakumezkoen senior mailako Xotak harrobi bikaina duela. "neskek 13 urte pasatxo dituzte, eta garrantzitsuena da kirola egiten jarraitzeko aukera dutela. Kirolean segi eta aipatu ditugun balio garrantzitsu horiek barneratzen jarrai dezatela.

Emakumeek, zailago
Juanpe Arregik hamaika talde entrenatu ditu, gizonezkoenak eta emakumezkoenak "eta argi eta garbi esan dezaket bizitzan, eta baita kirolean ere, orokorrean emakumezkoek zailago dutela. Hiru alaba dauzkat. Emakumeei gehiago borrokatzea tokatzen zaie, gogorrago lan egitea". 

Hurrengo denboraldian taldea entrenatzen jarraituko duen galdetuta irribarre egiten du. "Talde honi ezetz esatea zaila da, baina ikusiko dugu. Orain gozatzen ari naiz. Zein polita den euren poztasun aurpegiak ikustea. Nola hasi ziren eta izan duten eboluzioa ikusteak ez du preziorik. Eta gehiago neska hauen kasuan, gehienak ezagutzen baititut, alabaren kuadrillakoak direlako. Alaba ere tartean egoteak bereziago egiten du guztia. Argi esan diet: hemendik aurrera etortzen dena, etor dadila, baina Nafarroako txapeldunak gara eta hori ez digu inork kenduko". 

Emakumezkoen Haurren mailako Xota 2022/2023

  • Jokalariak: Uxia Agirre Lamoso, Leire Amoztegi Barroso, Nahia Arregi Ormaetxea, Lierni Gelbentzu Goñi, Iradi Gorostiaga Iribarren, Leire Lacunza Gallego, Nahiara Lamarca Zudaire, Noa Lazkoz Etxarri, Maria Lazkoz Fuertes, Aya Mimouni El Mekaoui, Lorea Osinaga Davila, Maitane Sanguesa Zubieta.
  • Entrenatzailea: Juanpe Arregi Sarasa.