Areto futbola

Azken segundo madarikatuetan

Guaixe 2023ko urt. 30a, 10:55
Osasuna Magna Xotak aukera ugari huts egin zituen. XOTA

Etxean Manzanaresen kontra jokatutako partidan Osasuna Magna Xotari azken unean joan zitzaizkion hiru puntuak 

Osasuna Magna Xotak sailkapenean azkena eta arerio zuzena den Manzanares hartu zuen ilbeltzaren 27an Anaitasunan. Imanol Arregiren helburua jokoan zeuden hiru puntuak eskuratzea zen, jaitsiera postuetatik distantzia gehiago hartzeko. Nafarrak bitan aurreratu ziren markagailuan, baina Manzanaresek partidari buelta ematea lortu zuen. 

Dorde Rosic serbiarrak aurreratu zuen Osasuna Magna, ezker hegaletik egindako jaurtiketa batek Manzanaresen defentsan jo eta atean sartu zenean. Manzanares kontraerasoan saiatu zen, baina Asier Llamasek ongi zaindu zuen atea. Tamalez, Manzanaresek penaltiz bana berdinduta bukatu zen lehen zatia. 

Bigarren zatian hainbat aukera izan zituzten berdeek, Andresek 36. minutuan 2 eta 1-ekoa sartu arte. Baina minutu bat beranduago bina berdintzea eta partidaren azken segundoetan 2 eta 3 irabaztea lortu zuen Manzanaresek, zorigaiztoko jokaldi batean, berdeen etsipenerako. 

Imanol Arregik azaldu zuenez, “huts egin ezin diren aukerak izan ditugu; ate hutsean bi aukera alferrik galdu ditugu. Garaipena eskura izan dugu eta ez dugu egoera ongi irakurtzen jakin”. 

Hurrena, Inter FS
Horrela, Barça da liderra (46 puntu) eta Osasuna Magna Xota hamalaugarren postura jaitsi da (15 puntu), jaitsiera postuak puntu bakarrera dituela. Hurrengo partida Madrilen jokatuko du talde nafarrak Inter FS talde ahaltsuaren kontra otsailaren 3an, 20:30ean.