Areto futbola

Ibararte Xotaren partida eroa

Guaixe 2023ko ots. 2a, 09:30
Ibararte Xotakoak, lanean. XOTA

Hirugarren Mailako Areto Futboleko Txapelketako hamalaugarren jardunaldiak puntu bat utzi zuen Irurtzunen. Aralar Mendik ez zuen jokatu

Hirugarren Mailako Areto Futboleko Txapelketako hamalaugarren jardunaldian Ibararte Xotak hiruna berdindu zuen Gazte Berriak taldearekin ilbeltzaren 28an Irurtzunen jokatutako partida zoroan. Lehen zatian parez pare ibili ziren bi taldeak. Ibararte Xotak mustu zuen markagailua laugarren minutuan, Salvador Jarillok sartutako golari esker, baina bi minutu beranduago bana berdindu zuen Gazte Berriak-ek. 

Talde irurtzundarrak ez zuen etsi eta bigarren zatia hasi eta berehala Oihan Belarrak 2 eta 1 aurreratu zuen Ibararte Xota. Ibararte Xotak tarte luzean lortu zuen aldeari eustea, baina 25. minutuan binakakoa ezarri zuen Gazte Berriakek. Berdinketa apurtzen ahalegindu ziren bi taldeak, eta partidak erotzeko moduko bukaera izan zuen, partida bukatzear zela, 39. minutuan, Gazte Berriakek hirugarren gola sartu zuelako. Kolpe latza izan zen irurtzundarrendako, baina, zorionez, minutu berberean hiruna berdintzea lortu zuen Salvador Jarillok eta hirunako berdinketarekin eta puntu banaketarekin despeditu zen partida. 

Bestalde, Aralar Mendik eta Ablitasek ilbeltzaren 28an jokatu beharra zuten partida atzeratzea erabaki zuten bi taldeek.

Sailkapena eta datorrena
Hirugarren Mailako Txapelketak lider berria du, San Juan (28 puntu), orain arteko lider Universidad de Navarrari bi puntu ateratzen dizkiolarik (26 puntu). Ibararte Xota zazpigarren postuan dago (17 puntu) eta Aralar Mendi zortzigarrenean (16 puntu). Hamabosgarren jardunaldian sailkapenean bederatzigarren eta arerio zuzena den Anaitasuna taldea izango du aurkari Ibararte Xotak otsailaren 4an, 18:00etan, Anaitasunan.  Aralar Mendik, bestalde, lidergoa berreskuratu nahi duen Universidad de Navarraren kontra jokatuko du otsailaren 4an, 18:30ean, Iruñean.