Areto futbola

Xotak hortzak erakutsi zizkion liderrari, baina ezin

Guaixe 2023ko ots. 2a, 10:00
Youssra Chafia, gola ospatzen. XOTA

Emakumezkoen Lehen Senior mailako partida ongi hasi zen irurtzundarrendako, baina liderrak ez zuen barkatu

Emakumezkoen Lehen Senior Mailako hamabigarren jardunaldiak ez zuen Irurtzunen punturik utzi. Xotak Orvina liderra hartu zuen ilbeltzaren 29an Atakondoan, eta partida uste bezain lehiatua izan zen. Orvina zen faborito, baina Xotak hasiera bikaina izan zuen. Youssra Chafiak lehen minuetan sartutako bi golei esker 2 eta 0 aurreratu baitziren Xotako neskak. Baina Orvinak ez zuen behera egin, pazientzia izan zuen eta ongi eutsi zuen erauntsia. Horretarako da liderra. Gutxika, aginte makila hartu eta erantzuna erabatekoa izan zen: bina berdindu ondoren, beste bi gol sartu zituen. Xotak 2 eta 4 galduta despeditu zen partida. 

Emakumezkoen Lehen Senior Mailako lider sendo izaten jarraitzen du Orvinak (31 puntu). Xota zortzigarren da (10 puntu). Otsailaren 5ean, 11:00etan sailkapenean bosgarren den Oliteren kontra jokatuko du Xotak, Erriberrin.