Areto futbola

Energia ziztada

Guaixe 2023ko ots. 6a, 10:55

Osasuna Magna Xotako jokalariak goletako bat ospatzen. XOTA

Osasuna Magna Xotak garaipen oso garrantzitsua lortu zuen Inter Movistar talde ahaltsuaren kontra  eta lehen mailako mailari eusteko borrokan ezinbesteko pausoa eman du

Osasuna Magna Xotak partida ikusgarria jokatu zuen otsailaren 3an Torrejonen Inter Movistar talde ahaltsuaren kontra. Imanol Arregiren jokalariak 2 eta 4 gailendu ziren eta urrezko hiru puntu lortu zituzten, Lehen Mailari eusteko borrokan oso garrantzitsuak direnak. 

Gauzak ez ziren ongi hasi talde irurtzundarrarendako, atsedenaldira 1 eta 0 galtzen joan baitziren. Imanol Arregirekin bildu ondoren kantxara beste jarrera batekin atera ziren jokalariak. Gola sartzea, hori zen helburua. Horrela, Fabinhok bana berdintzea lortu zuen estrategia jokaldian. Bi taldeen arteko norgehiagoka gehiago estutu zen. Osasuna Magna Xotak aukera nabarmenak izan zituen, eta azkenean 28. minutuan Fabinhok bigarrena sartu zuen jaurtiketa ikusgarri baten ondorioz. Konfiantzaz jokatu zuten jokalari berdeek, eta erasoan ausart eta defentsan sendo jokatu zuten. Juninhok hirugarren gola sartu zuen urrutitik egindako jaurtiketarekin. Movistarrek abiadura handitu zuen eta partida erotu zen. Eric Martelek Interren bigarrena sartu zuen eta egoera korapilatu zen, baina Toni Escribanori egindako seigarren faltak Osasuna Magnaren aldeko penaltia ekarri zuen eta Linharesek ez zuen barkatu. Horrela, 2 eta 4 gailendu zen talde irurtzundarra Madrilen. 

Imanol pozik zegoen bere taldeak egindako partidarekin. “Guretako garaipen oso garrantzitsua da. Hemen irabaztea oso zaila da, eta aurreko jardunaldian sekulako kolpea jasotzetik gentozen. Markagailua kontra jarri zaigu baina taldeak ez du etsi, jaso egin da eta bukaerara arte borrokatu du.  Jokalariek erakutsi dute egoerari buelta emateko gai direla, eta beharrezkoa izango dugu, oraindik ligako partida asko baititugu aurretik”. 

Atsedena
Barçak jarraitzen du Areto Futboleko Lehen Mailako lider sendoa izaten (49 puntu). Osasuna Magna Xota hamahirugarren postuan dago (18 puntu). Jaitsiera postuak lau puntura ditu, beraz, Imanol Arregiren taldeak garaipenen xendan jarraitu beharra du. Asteburu honetan atseden jardunaldia dute, eta hurrengo jardunaldia otsailaren 17tik 19ra jokatuko da. Xotak sailkapenean bederatzigarren den Industrias Santa Coloma hartuko du.