"Pertsona normal" bat dela esan du Rafa Etxarri Azpirozek, "bere tartetxoetan margotzen duena; edo nik esaten dudan bezala paperak zikindu egiten dituena". Besteek nola dagoen zikinduta esatea dagokiela gaineratu du. Ilbeltzaren 28an Aurkitu ezank zeurea, aurkitu gaintunk geurea margolan erakusketa mustu zuen Pikuxar euskal txokoaren tabernan, martxoaren 12ra arte ikusgai egonen dena. Nerea Baldaren testuek osatzen dute erakusketa.
Noiz hasi zinen margotzen?
"Pikuxar proiektua ezagutzeko gogoa nuen; erakusketa omenaldi bat ere bada"
Aspaldi. Orain dela hogei urte baino gehiago hasi nintzen zerbait egiten. Garai hartan erakusketa pare bat egin nituen eta gero fase luze batean ez dut gauza handirik egin. Pandemia aurretik hasi nintzen berriro, zerbait egiteko gogoa banuen, baina pandemiak moztu zidan. Jendea etxean sartu zen eta gauzak egiten hasi zen; niri giro horrek ez zidan laguntzen. Aurreko urtean hasi nintzen berriro margotzen. Banuen gogoa Pikuxar ezagutzeko, taberna eta proiektua, eta sartu nintzen. Pentsatu nuen hemen erakusketa bat egiteko aukera zegoela, tokia gustatzen zait. Proposatu nien eta beraiekin lana egitea gozada bat izan da.
Beraz, Pikuxarrendako sortutako erakusketa bat da?
Berez, ez. Aurretik banituen zenbait lan eginda, baina hemen disposizioa zela eta gauza dezente honetarako egindakoak dira. Niretzako margotzea zure barruan dagoena modu aske batean kanporatzea da inolako baldintzarik gabe. Horren bigarren zatia da ez baduzu lan hori partekatzen erdizka gelditzen dela. Lan hori partekatzeko aukera izatean oso gozoa da. Beti egon naiz alde sozialean lanean; ez nuke ulertuko harreman hori ez sortzea. Eragin soziala ere izateko.
Zure margolanetan kolorea nabarmentzen da.
"Nik ulertzen dut nirea dena partekatzen dudanean gurea bihurtzen dela"
Kolorea alaitasunarekin eta baikortasunarekin lotzen dut. Orduan, nik nahi nuen jende guztiak daukan izaera baikor hori ateratzea eta probokatzea. Ariketa bat izatea nahi dut. Ez izatea ea zer gauza ikusten den edo zer ez den ikusten. Hausnarketa moduko bat izatea nahi dut, gonbidapen bat, bakoitzak hartuko du nahi duen bezala. Orokorrean, zer sortzen dizun barrutik. Bakoitzak hausnarketa hori egitera probokatu nahi dut. Ildo horretatik dator sortu dugun lelotxoa: Aurkitu ezan edo ezak zeurea, aurkitu gaitun edo gaituk geurea. Bakoitzaren kolore hortatik hasita arlo sozialera edo guregana eraman. Nik ulertzen dut nirea dena partekatzen dudanean gurea bihurtzen dela. Orokorrean bakoitzaren egoera eta munduaren egoera momentu honetan nahiko eroa da. Nereak oso ongi idatzi du. Etengabe toki batetik bestera joaten gara, ez dago denborarik ezertarako, ezin gara ezer egin gabe egon, ez dugu gure balioa eta ondoan dagoenaren balioa ikusten, ez dugu balio soziala eta kreatiboa ikusten, dena mediatizatuta dago eta benetakoa dena ukitzea kostatzen da. Mundua kolore bakar batekin margotzen digute, dena nahiko monokromoa da. Ezin gara desberdinak eta anitzak izan. Aldiz, nik uste dut denok sekulako kolore intentsoak ditugula eta gure koloreak beste batzuekin nahasten ditugunean gauza oso politak sortzen dira; aukera bikainak eta ederrak. Alde horretatik horrelako proiektuei, Pikuxar bezalako proiektuei, omenaldia egin nahi nien. Gu kolorea gara eta nahastean erakusten digutenaren kontrakoa sortzen da. Herri bezala sekulako kolorea izan dugu beti, baina historiaren momentu batean kolore hori moztu egin zen. Poliki-poliki berreskuratzen ari gara, baina oraindik atera behar da.
Nerea Baldak testuak jarri ditu. Nola sortu zen elkarlana?
Idatzi duena ederra iruditzen zait. Nahiko modu espontaneoan sortu zen. Nik baneukan erakusketa egiteko ideia hori, eta Ikerrekin, Pikuxarreko erakusketak eramaten dituenarekin, barran elkartu nintzen eta berak esan zidan pertsona bat zegoela egin zitekeela. Hizketan geundela Nerea atzeko mahaian zegoen. Gonbidapena luzatu nion eta baietz esan zuen. Nire asmoa helarazi nion eta zer partekatu nahi nuen esan nion eta berak bere interpretazioa egin du eta ederra iruditzen zait. Ikusgarria da berak daukan abilidadea idazterakoan.
Beti margotu izan duzu horrela?
Hasieran beste gauzatxo batzuk egiten nituen. Alde kreatiboari lotutako espazioak betetzen nituen. Eraikuntzari lotutakoak eta eskulturak egiten nituen. Baina horretarako espazioa behar duzu eta momentu batean margotzeko aukera ikusi nuen eta margotzen hasi nintzen. Hasieratik nahiko koloretsu margotu izan dut. Barrutik ateratzen zait baikortasun hori ateratzea. Sortzeko ez dut ezer berezirik behar. Lasaitasun pixka bat. Erabat autodidakta naiz. Modu erabat librean koloreak jartzen hasten naiz eta hortik formak sortzen hasten dira. Azkenean, irudia sortzen da. Nire buruarekin nahiko lotutako irudiak dira, natura eta abar.
Pikuxarren martxoaren 12ra arte egongo da, gero mugituko duzu?
Aukera badago bai. Pikuxarrekoa esperientzia polita izaten ari da eta pila bat eskertzen dut atera izana. Mundu honetan nahiko berria naiz eta ea hemendik aurrera mugitzeko aukera dudan Sakanatik, esaterako. Altsasu aldean mugimendua dago eta hasi naiz ateak jotzen.