Astekaria

"Santa Ageda bezperan giroa sortu nahi genuen"

Erkuden Ruiz Barroso 2023ko ots. 7a, 14:28

Santos Iragi Uhalde Irurtzungo Santa Ageda bezperako koruko kidea.

Laster Irurtzungo Santa Ageda bezperako koruak 40 urte beteko ditu. Lau hamarkada hauetan Santos Iragi Uhalde irurtzundarra, otsailaren 4an, koplak kantatzera atera da.

Aizpea euskara taldeak, Pikuxarren laguntzarekin, antolatzen du tradizioa.

1. Noiztik ateratzen da Irurtzungo Santa Ageda bezperako korua?
Gutxi gorabehera 1985ean hasi ginen. Duela 38 urte inguru. Aizpea euskara taldearekin antolatzen genuen. Pandemiarekin ez ginen atera; baina aurreko urtean atera ginen.

2. Nola sortu zenuten? Zergatik?
Herrian giroa sortu nahi genuen; euskal giroa sortzea zen helburua. 40ren bat ibiltzen gara koruan. Urtero ateratzen gara. Haurrek ere parte hartzen dute. Irekia da eta edonor etor daiteke.

3. Zer abesti kantatzen duzue?
Zazpi kopla kantatzen ditugu, eta azkeneko biak guk sortutakoak dira. Beste guztiak betikoak, tradizionalak: Santa Ageda bezpera degu... Duela hogei bat urte sortu genituen. Abestietan herrian euskarari garrantzia gehiago eman behar zaiola kantatzen dugu; euskara gehiago erabili behar dela. Aizpearekin sortu genituen.

4. Baserritarrez janzten zarete?
Bai, saiatzen gara. Denak ez doaz horrela jantzita, baina saiatzen gara; eta makilak eskuetan, jakina.

5. Aurretik entseatzen duzue?
Hasiera bai, hiru edo lau egunez aritzen ginen prestatzen. Gaur egun, suposatzen da denok ezagutzen ditugula abestiak eta letrak. Egunean bertan koplak paper batean banatzen dira.

6. Zer ibilbide egiten duzue?
Orain Foru plazan hasten gara, baina lehen kultur etxean hasten ginen, eliza zaharrean. Herrian barna ibiltzen gara. Ez dugu ibilbide zehatz bat, saiatzen gara leku guztietatik pasatzen. Egunaren araberakoa izaten da, eguraldi oso txarra egiten duenean adibidez gutxiago gelditzen gara. Elurrarekin eta abar ibili gara ere. Trikitixarekin joaten gara ere

7. Eskean ibiltzen zarete?
Ez dugu eskatzen, baina zenbait lekutan eta herritarrek zerbait ematen digute. Puxka biltzan bezala edo ematen digute. Batez ere badaude bi leku beti gelditzen garenak.

8. Zuzendaririk baduzue?
Ez dago zuzendaririk. Erritmoa jarraitzen saiatzen gara, eta batzuetan hobekiago egiten dugu eta beste batzuetan ez hain ongi.

9. Aurretik Santa Ageda tradiziorik bazegoen?
Uste dut ezetz, ez zegoela ezer. Gaur egun nahiko errotuta dago herrian. Bai Santa Ageda bezpera bai beste zenbait festa ere. Jarraituko du izaten.

10. Hainbeste urtetan anekdota asko biziko zenituzten?
Behin kanpotik etorritako emakume bat beldurtu egin zen makilen soinuak eta abesten entzuten zuelako eta uste zuen ez dakit zer zela, zerbait arraroa zela. Zer gertatzen zen ikustera atera zen eta gero koruak zirela azaltzean lasai gelditu zen.

11. Urtean zehar, gehiagotan ateratzen zarete?
Bai, Irurtzun Kantuz egiten dugu eta normalean festetan ateratzen gara. Zerbait berezia egiten denean ere aritzen gara.