Areto futbola

Ibararte Xotaren garaipen garrantzitsua

Guaixe 2023ko ots. 9a, 11:00

Ibararte Xota. XOTA

Areto Futboleko Hirugarren Mailako hamabosgarren jardunaldiak hiru puntu utzi zituen Irurtzunen. Uharte Arakilgo Aralar Mendik ez zuen jokatu

Hirugarren Mailako Areto Futbol Txapelketan hamabosgarren jardunaldia jokatu zen. Ibararte Xotak Anaitasuna taldea izan zuen aurkari Iruñeko Anaitasuna pabilioian jokatutako partidan. Hasieratik lehia bizi bizia izan zuten bi taldeek, arerio zuzenak baitira. Anaitasuna lehen minuturako aurreratu zen, baina Ibararte Xotako Jon Argandoñak bana berdindu zuen lau minutu beranduago. Partida erotu zen orduan. 9. minutuan Carles Bravok Ibararte Xota aurreratu zuen, baina segundo batzuk beranduago bina berdindu zuen Anaitasunak, emozio handiko tartean. 

Bigarren zatian berdinketa apurtzen saiatu ziren bi taldeak. Ibararte Xotako Oihan Belarrak 2 eta 3-koa sartu zuen, baina Anaitasunak ez zuen etsi eta hiruna berdindu zuen minutu batzuk beranduago. Xotakoek erasoan jarraitu zuten eta Unai Gorostietak garaipenaren gola sartu zuen 26. minutuan. 3 eta 4 irabazita, Hirugarren Mailan garaipen ederra lortu zuen talde irurtzundarrak.

Bestalde, Universidad de Navarra taldeak eta Uharte Arakilgo Aralar Mendik jokatu beharreko partida martxoaren 6ra atzeratzea erabaki zuten bi taldeek. 

Hirugarren Mailako liderra Kirol Sport taldea da (29 puntu). Ibararte Xota zazpigarren postuan dago (20 puntu) eta Aralar Mendi zortzigarren (16 puntu), bi partida gutxiagorekin. Hamaseigarren jardunaldian Ibararte Xotak sailkapenean bigarren den San Juan taldea izango du aurkari otsailaren 11n 18:00etan Iruñeko San Juanen. Aralar Mendik Kirol Sport liderraren kontra jokatuko du otsailaren 11n 17:45ean Orkoienen.