Astekaria

Etorkizunerako dokumentaturik

Erkuden Ruiz Barroso 2023ko ots. 14a, 13:42

'Pikuxar Dokumentala'-ren grabaketa saioa Pikuxarren terrazan. PIKUXAR

Irurtzungo euskal txokoaren eraberritze prozesuaren inguruko dokumentala aurkeztu dute: 'Pikuxar Dokumentala'. Bertan, Pikuxarreko historia eta egoitza berria eraikitzeko prozesua agertzen da, bazkideen hitzetan.

"Azken lauzpabost urtetan Pikuxar prozesu handi batean murgilduta egon da eta horren isla dokumentalaren ekoizpen hau da". Jorge Iriarte Pikuxarreko kudeatzailea da eta azken urteetan bizi izan duen prozesua gertutik bizi izan du. Otsailaren 5ean Pikuxar Dokumentala aurkeztu zuten, Irurtzungo euskal txokoaren eraldaketa eta historia biltzen duen ikus-entzunezkoa: "Nola bost urtetan pasatu garen elkarte txiki batetik elkarte handi batera, eraikin berri batekin, egoitza berria eta bikoiztu dugun gure bazkidetza".

Pikuxarrek izan duen eraldaketa prozesua ez ezik, dokumentala "zerbait gehiago" bada. "Azkenean, Pikuxar ez da azken lau edo bost urtetan egin duguna. Zergatik sortu zen duela 20 urte, zein egoera sozialean zegoen Irurtzun; ez zegoen euskaldunentzat arnasgune bat, taberna bat non euskal musika entzun genezakeen edo zerbitzariak euskaraz egiten zuten". Egoera horretan sortu zen euskal elkartea duela bi hamarkada, eta horrela hasten da dokumentala ere, "batez ere ulertzeko zergatik iritsi garen egungo egoerara"

Duela bost urte inguru "krisi egoera" batean sartu zen Irurtzungo euskal txokoa, "ez genekiela aurrera jarraitu edo ez". Apustu handi bat egitea erabaki zuten. 2017. urtea zen eta Irurtzungo erdigunean etxe bat erosi behar zutela eta berritu eta handitu behar zutela pentsatu zuten. "Baina horretarako behar asko geneuzkan eta bazkideak bikoiztu eta diru sarrerak handitu behar genituen". Helburua lortzeko jarduera "pila bat" egiten hasi ziren. "Mugimendu horrekin Pikukomunikazio Taldeko kideek, Itziar Matxain, Iñaki Azkona, Aitziber Iragi eta Xabier Unanua izan dira proiektuaren sustatzaileak, pentsatu zuten gauza oso potolo bat egiten ari ginela eta dokumentatu behar zela". Beraz, eraldatze prozesua eta dokumentalaren grabaketak nahiko pareko joan dira.

Kameraren aurrean
"Lehenendabiziko minututik ia grabatzen hasi ziren. Etxe zaharra erosi genuenean pentsatu genuen goitik behera aldatu behar genuela eta ez genuela nolakoa zen ezagutuko, beraz, lehenengo gauza etxe zaharra grabatzea izan zen". Etxe zaharraren, Pikuxarren eta auzolanen irudiekin batera, batzordeetako kideen elkarrizketak ere agertzen dira Pikuxar Dokumentalean: "Saiatu gara batzorde bakoitzetik ordezkariren bat agertzea azaltzeko Pikuxar ez dela bakarrik momentu horretan obra bat egiten ari zen elkarte bat, baizik eta aniztasuna azaltzen saiatu gara". Guztira, bederatzi batzorde zeuden: obra batzordea, finantza batzordea, kulturgintza... Dokumentalean ere Nerea Baldak eta Patxi Floresek off ahotsa eta itzulpen lanak egin dituzte.

"Lehendabiziko minututik grabatzen hasi ziren; obrak hasi genituenetik"

"Polita da". Iriartek nabarmendu du elkarrizketa askotan musukoarekin ateratzen direla protagonistak. "2020ko martxoaren 7an hasi genituen obrak, eta aste bat beranduago alarma egoera delakoa ezarri zuten. Lehendabiziko grabazioak pandemia hasi baino zazpi egun lehenago egin genituen". Egun horretan eraikitzailea eta bazkideetako batzuk grabatu zituzten, "oso interesgarria da". Elkarrizketak egitera ohituta ez zeudenak, "komisaria bateko galdeketak" bezalakoak zirela aitortu du irurtzundarrak: "Urduri jartzen zara". Auzolanetan grabatutakoak, aldiz, "naturaltasunez" grabatu zituztela esan du, "ez zara konturatzen, oso lasai azaltzen gara".

Dokumentalak aurrekari bat izan zuela eta kameraren aurrean jartzeko "entrenamendua" izan zutela azaldu du ere: "2019an etxearen obrarekin hasi aurretik etxe zaharrean argazkiak ateratzen egon ginen eta bazkideak ateratzen gara. Bazkide guztiak pasa ginen kamera aurretik eta jolas bat bezala izan zen. Oso politak". Argazki horiekin 2020ko egutegia osatu zuten

Erronka handia izan zen Pikuxar berriaren proiektua aurrera eramatea eta, gainera, pandemia izan zen tarteko. "Dena bat-batean suertatu zen. Gu ez ginen jaio obra bat egiteko eta hastea urte eta erdi kostatu zitzaigun". Eta obrekin hasi eta astera pandemia izan zen. "Bakarrik eraikitzailea zegoen lan egiten eta pentsatzen genuen obra hori ezin genuela bakarrik kontratatu eta ordaindu, auzo lanean aritu behar ginen ere. Baina ezin ginen etxetik atera". Zalantza handiak izan zituztela esan du Iriartek. "Pandemia hasi eta hiru hilabetetara, ateratzeko baimena izan genuenean, auzolanean hasi ginen burugogor. Auzolan asko eta jende pila batek parte hartu zuen". Tabernak itxita zeudenez eta aisialdia mugatua zegoenez, "zer egiten genuen? Lanean elkartu". Egoerari buelta eman zioten eta pandemiari "alde ona" atera zioten. Ekainerako teilatua egina zegoen eta lehenengo mustutze festa egin zuten. 2021ko ekainean tabernaren eta plaza berriaren mustutzea egin zuten, eta urte bereko udazkenean elkartearen irekiera festa.

Hunkigarria

"Dokumentalak erakusten digu zer egiten dugun; harro sentizteko modukoa da"

Pikuxar Dokumentala-rekin "harrotasun pixka bat" sentitzen dutela aitortu du Iriartek. "Egunerokotasunean gauzak egiten gaude, lanean, eta horrelako dokumentalak erakusten digu zer gauza egiten ditugun, zer filosofiarekin; oso ongi laburbiltzen du gure eginkizuna eta misioa". Harro sentitzeko gauza bat dela nabarmendu du: "Gure jarduerekin disfrutatzen egoten gara, ez gaude elkartean telebistari begira besterik gabe". Oso interesgarria dela eta aurrera jarraitzeko "indarrak" ematen dizkiela esan du ere.

Otsailaren 5ean aurkezpen ofiziala egin zuten eta duela hilabete bat bazkideen aurkezpena egin zuten. Jendeak "oso ongi" hartu du. Dokumentalaren momentu batzuk "hunkigarriak" direla azaldu du Iriartek; alde batetik, 1990ean Irurtzunen egiten zituzten ekintzen irudiak agertzen dira eta, bestetik, "zoritxarrez minbiziaz hil zen gure bazkide eta laguna zen Oskar Lizarraga azaltzen da, eta bera hitz egiten ikustea oso hunkigarria da. Berari esker gaude hemen ere". Dokumentala omenaldi txiki bat ere bada.

Irurtzunen aurkeztu ondoren, dokumentalarekin zer egin "zalantzan" daude. "Ez dakigu zenbat bultzatu, Irurtzundik kanpo zer harrera izango duen". Agian Interneten jarriko dutela edo kultur etxeren batean aurkeztuko dutela esan du Iriartek. "Egia esan, euskalgintzan balio bat dauka dokumental osoa euskaraz dagoelako azpitituluekin".