Osasuna Magna Xotak hitzordu garrantzitsua zuen ostiralean, Anaitasunan. Arerio zuzena zuen aurkari, talde nafarra baina hiru puntu gehiago zituen Industrias Santa Coloma. Beraz, Lehen mailari eutsi eta jaitsiera postuetatik aldentzeko borrokan, ezinbestekoa zen garaipena lortzea. Imanol Arregiren taldeak ez zuen huts egin eta 2 eta 0 irabazita, ezin hobe ospatu zituzten Asier Llamas atezain irurtzundarrak jokatutako 300 partidak.
Hasieratik gogotsu atera ziren kantxara Osasuna Magna Xotako jokalariak, oso motibatuta. Carlos Ventoren lehen partida zen, lesioaren ondotik, eta Venezuelako jokalariak ez zuen huts egin: seigarren minutuan markagailua mustu zuen, estrategiako jokaldi batean pasea jaso eta egindako jaurtiketa bortitzak Santa Colomaren defentsa batean jo eta baloira sare barrura sartu zenean. Santa Coloma saiatu zen, baina ez zituen jokaldiak ongi borobiltzen. 10. minutuan Jhonatan Linharesek egindako jaurtiketa gurutzatu bati esker 2 eta 0 aurreratu zen Xota. Imanol Arregiren mutilek gehiago nahi zuten, baina Santa Colomako atezainak berdeen saiakerak oztopatu zituen.
Bigarren zatian, Santa Coloma partidari buelta ematen saiatu zen, baina Osasuna Magnak agintzen zuen. Makina bat aukera izan zituzten berdeek, baina ez zuten kontrako atean asmatu eta markagailuan aldaketarik gabe, 2 eta 0 irabazita bukatu zen partida.
Imanol Arregiren iritziz, “partida bikaina egin dugu, oso ona, alde gehiagorekin irabaz genezakeena. Lehen zatia ikusgarria izan da. Azkenean bi gol izan dira, eta atea zeroan mantendu ahal izan dugu plantilla guztia gaudelako. Azken bi garaipenek konfiantza eman digute eta ea bide beretik jarraitzen dugun”. Taldeak gogoz ospatu zuen garaipena.
Lehen Mailako liderra Barça da (49 puntu). Xota hamabigarren da (21 puntu), jaitsiera postuak 7 puntura dituela. Hurrengo arerioa Cordoba da. Hain zuzen ere, partida horretan Roberto Martil kapitain irurtzundarrak bere 500. partida jokatuko du, eta efemeridea beste garaipen batekin ospatu nahi dute berdeek.