Euskaltzaleen Topaguneak eta Nafarroako Gobernuak hitzarmena berritu dute

Guaixe 2023ko ots. 21a, 13:00

Euskaltzaleen Topagunea eta Nafarroako Gobernuko ordezkariak. UTZITAKOA

“Euskarak 365 egun” hitzarmenaren helburua euskararen erabilpena bultzatzea da, hiztunen hizkuntza ohituretan eraginez. Aurtengo egitasmo nagusiak ondokoak izanen dira: gazteei zuzenduriko egitasmoa eta haurren aurrean aritzen diren helduei zuzendurikoa.

Irurtzungo Aizpea euskara taldea eta Guaixe fundazioa kide dituen Euskaltzaleen Topaguneak eta Nafarroako Gobernuak elkarlan hitzarmena sinatu dute. Haren bidez, aurten euskal hiztunak aktibatzea, hizkuntza ohituretan eragin eta erabilera indartzeko aldeko jarrerak indartzea xede duen programa gauzatuko du Topaguneak. Aurtengo hitzarmena 145.000 eurorekin hornitu da “Euskarak 365 egun” programa gauzatzeko helburuz. Lan ildo honen helburu nagusia hiztunen aktibazioaren bidez hizkuntza-ohituretan pauso esanguratsuak eragitea da. Bi egitasmo nagusik osatuko dute aurtengo ekimena: lehenengoa, udaberrian, gazteei zuzendua eta bigarrena, udazkenean, haurren aurrean aritzen diren helduei zuzendua (gurasoak, zaintzaileak, irakasleak...).

Ana Ollok, Herritarrekiko Harremanetako kontseilariak, hitzarmenaren garrantzia nabarmendu du: “azpimarratu nahi dut erakunde publiko eta gizarte eragileen arteko lankidetza ezinbestekoa dela gaur egungo gizartean, lan osagarriak egiten ditugula, eta erakunde publikooi gizarte ekimenetik datozen proposamenak aintzat hartu, osatu eta zabaltzea dagokigula. Horretan aritu gara azken urteetan, uste dugu, lankidetza honek fruituak eman dituela, ekintza zehatzetan ikus daitekeena. Baina, batez ere, uste dugu lan egiteko modua proposatzen duena, eta horri jarraikiz bide emankorra izanen dela”. Hitzarmena urtero berritu da 2018tik hona. 

Oskar Zapata, Nafarroako Euskaltzaleen Topaguneko zuzendariaren iritziz, “pozgarria da hitzarmena sinatzeko berriro ere elkartzea. Lagungarria da oso tamaina honetako egitasmoak planifikatzeko eta gauzatzeko marko egonkor bat edukitzea. Zentzu horretan, eskertuta gaude Euskarabidearekin eta Nafarroako Gobernuarekin, Euskaltzaleen Topagunearekiko elkarlanean aritzeko izan duzuen jarreragatik. Sei urteko ibilbidea du “Euskarak 365 egun” hitzarmen honek, beste hamaika bete ditzala espero eta desio dugu”.