Areto futbola

Xotari azken minutuetan ihes egin zion partidak

Guaixe 2023ko ots. 23a, 12:20

Emakumezkoen Lehen Senior Mailako hamabosgarren jardunaldian talde irurtzundarrak ez du puntuatu

Lehen Senior Mailan hamabosgarren jardunaldia jokatu da eta Xotak Talleres Recarte Murchante taldea hartu zuen Irurtzungo Atakondoa kiroldegian. Bi taldeak, arerioak izanik, lehia oso estua eskaini zuten. Lehen zatian ez batak ez besteak ez zuten kontrako atean asmatu, eta bigarren zatiak ere joera berbera izan zuen. Partida bukatzeko minutu batzuen faltan Murchantek gola sartu arte. Xotak ezin izan zion partidari buelta eman eta etxean jokoan zeuden puntuak Murchantera joan ziren, 0 eta 1 galduta. 

Emakumezkoen Lehen Senior Mailako liderra Lacturale Orvina A taldea da, nagusitasun handiz (37 puntu), eta Xota zortzigarren da (10 puntu). Otsailaren 24a, ostirala, 19:30ean Cascanteko kiroldegian jokatuko den partidan sailkapenean laugarren den Cantera taldea izango du arerio Xotak.