Areto futbola

Azken segundo madarikatu horiek

Guaixe 2023ko ots. 27a, 09:20
Roberto Martilek ezin izan zuen bere 500. partida garaipenarekin ospatu. XOTA

Osasuna Magna Xota eta Cordoba bana berdinduta iritsi ziren partidaren bukaerara, baina  Cordobak azken segundotan penaltiz sartutako bi golei esker hiru puntuak Andaluzian geratu ziren

Osasuna Magna Xotako jokalarien Cordobako itzulera ez zen batere xamurra izan. Azkeneko bi garaipenen ondoren Cordoban hirugarrena lortzeko gogoz iritsi ziren Imanol Arregiren gizonak Cordobara, baina porrot gogor eta mingarriarekin itzuli behar izan zuten etxera. Mingarria, partidaren azken segundotan izan zelako, eta gertatutako moduarengatik.  

Partida bizi-bizia izan zen. Zazpigarren minutuan Cordoba Futsal markagailuan aurreratu zen Alberto Saurak egindako erremate bati esker. Talde irurtzundarra partida berdintzen saiatu zen, baina bigarren zatiraino itxaron behar izan zuten berdeek, 24. minutuan Juninhok kontraeraso eder bat Cordobako atea zulatuz gauzatu zuenean. Hortik aurrera, Xotak izan zuen partidaren kontrola. Carlos Vento bigarren gola sartzeko zorian egon zen, baina bere jaurtiketa indartsua desbideratu egin zen. Bitartean, Asier Llamas atezainak Xotako atea bikain zaindu zuen. 

Partidaren bukaerara hurbiltzerakoan, Cordobak atezain-jokalariaren formula erabili zuen. Xotak ongi defendatzen zuen, baina finalerako 27 segundoren kontra arbitroak Xotaren kontrako penaltia seinalatu zuen Toni Escribanok arerioa lurrera bota omen zuelako. Cordobak ez zuen aukera alferrik galdu eta penaltia gauzatuz 2 eta 1 aurreratu zen eta Xota jokalari bat gutxiagorekin geratu zen, arbitroak Toni Escribano aldageletara bidali zuelako. Imanol Arregik atezain-jokalariaren formularen alde egin zuen azken segundotan, baina berdeek seigarren falta egin zuten eta Cordobak hirugarren gola 10 metroko distantziatik sartu zuen, partida bukatzeko 13 segundoren faltan. Sinestezina, baina errealitate gordina. Eurek bezala salbazioagatik borrokatzen ari den arerio zuzen baten kontra galdu zuen Osasuna Magna Xotak, azken segundotan, partida guztian egindako lana hankaz gora jarriz. Roberto Martil kapitainak bere 500. partida ezin izan zuen garaipenarekin ospatu.

Imanol Arregik aitortu zuen lehen zatian ez zuela bere taldea “guztiz eroso” ikusi, “gol bakarra sartu dugu, eta horrela ez da erraza. Azkenean partida gertatu behar ez zen jokaldi batengatik joan zaigu”.  Liga “oso estua” dagoela nabarmendu du. “Cordobakoa tartea ateratzeko partida garrantzitsua zen, baina orain jaitsiera postuetatik 4 puntura gaude. Egutegi zaila dugu aurretik, eta estutu beharra dugu. Bederatzi partida ditugu aurretik, eta gogor lehiatu beharra dugu. Hurrengo partidan pentsatu beharra dugu, Levanteri irabazten saiatu beharra dugu. Hori da egin behar duguna” azaldu du. 

Atsedena
Barçak jarraitzen du Lehen Mailako Areto Futbol Txapelketako lider sendo (52 puntu), Mallorca 6 puntura duela (46 puntu). Osasuna Magna Xota hamabigarren da (21 puntu), jaitsiera postuen arriskua 4 puntura duela. Asteburuan ez da liga partidarik jokatuko. Datorren partida martxoaren 11n jokatuko du Xotak, 19:30ean, Anaitasunan, sailkapeneko azken postuan dagoen Levante (16 puntu) arerio zuzenaren kontra.