Urtero, ihote garaian, Irurtzungo musika eskolak inauterietako kontzertua eskaintzen du herriko kultur etxean. Gai bat aukeratzen dute eta horren inguruko mozorroak prestatu eta musika ikasleek gaiari lotutako abestiak interpretatzen dituzte emanaldi berezi honetan. Otsailaren 15ean egin zuten 2023ko inauterietako kontzertua, eta haren bidez, herrian hasiera eman zieten ihoteei. Emanaldiaren aurtengo gaia filmak izan da. Hortaz, kontzertuan filmetako musika eta soinu bandetako abestiak abestu, jo eta dantzatu zituzten.
Lorena Arangoa aktore irurtzundarra aritu zen aurkezle Irurtzungo musika eskolaren inauterietako kontzertuan eta abestiak aurkeztu eta azaldu ez ezik, musika ikasleekin elkarreragin ere egin zuen. Aktoreak "oso lan ona eta dibertigarria" egin zuela esan dute musika eskolatik. Interpretatu zituzten pelikulen abestien artean, Adams familiaren soinu banda, Sister Act filmaren Oh happy day eta abar nabarmendu ziren.
Musika eskolaren ikasturteko emanaldien programazioaren barruan sartzen da inauterietako kontzertua. Aurreko urteetan pertsonaia mitologikoak, piratak, munduko musikak, sorginak, marrazki bizidunak, Beatles, Oskorri eta beste hainbat gai jorratu izan dituzte. Musika Eskolatik jakinarazi dutenez, kontzertu hau oso motibagarria eta dibertigarria da ikasleentzat, abesteaz, jotzeaz eta dantzatzeaz gain, beste ikasturtetako ikasleekin elkartzen direlako: "Mozorrotu egiten dira eta elkarreragiten dute". Gainera, musika errepertorio anitza ezagutzeko aukera ematen die.
Helburuak
"Irurtzungo musika eskolaren helburuetako bat da ikasleek musikaz gozatzea eta harekin lotura sortzea", azaldu dute musika eskolatik. Musika eguneroko bizitzan txertatzea da kontzertuaren xede nagusietako.