Sakanako Mank-eko Berdintasun zerbitzuaren trebakuntza jaso dute.
1. Zergatik erabaki zenuten farmazia puntu morea izatea?
Nafarroako Farmazialari Elkargo Ofizialaren bidez izan zen. Haiek Nafarroako Gobernuarekin eta zenbait instituzioekin protokoloa sinatu zuten eta kartelak bidali zizkiguten. Atean dugu. Horrelako biolentzia egoeretanlagun badaiteke, ezin duzu ezezkoa eman. Horren harira, Sakanako Mankomunitateak protokoloa azaltzeko bilera egin digu.
2. Trebakuntzarik jaso duzu?
Elkargoak esan zigun eta Interneten irakurri genuen zertan zetzan. Ondoren, Sakanako Mankomunitateko eta Altsasuko berdintasun teknikariek azaldu ziguten. Mankomunitateak arlo soziosanitarioan, sozialean, larrialdi egoeretan eta abarretan zer egin azaldu zigun.
3. Zer egin behar duzue?
Pertsona bat laguntza eske etortzen bada, lagundu. Berdintasun teknikariek azpimarratu zuten gu ezin garela sartu, ezin dugula presioa egin. Egoera batzuetan tematzen bazara agian okerragoa da. Orduan, norbaitek laguntza eskatzen badigu, esan badituela tresna eta bide asko laguntzeko. Esan ziguten beste gauza bat dela pertsona bat ihesean etortzen ikusten badugu edo indarkeria zantzu nabarmenak dituela ikusten badugu, larrialdietara deitu dezakegu. Baina hau guztia beti baimenarekin. Pena da batzuetan ez dutelako nahi, baina ezin dugu inoren nahiaren gainetik aritu. Lehenengo pausoa berea izan behar da. Guk tresnak eta prebentzioa eman ditzakegu.
4. Baina egoeraren berri izan dezakezue, ezta?
Bai, eta deitu diezaiokegu osasun etxeko gizarte langileari edo berdintasun teknikariei.
5. Zein da helburua?
Farmaziak gertuko puntu bat gara, arlo soziosanitariokoa eta izan daiteke emakumeak seguru sentitzeko toki bat ere bai. Ez gara medikuak, baina botikariak gara. Osasun etxearekin harreman zuzena dugu ere, medikuekin, erizainekin, administraziokoekin...
6. Eta orain berdintasun teknikariekin ere.
Bilera bakarra egin dugu, baina Sakanako Mankomunitateko eta Altsasuko berdintasun teknikarien telefonoak ditugu beraiekin zuzenean hitz egin ahal izateko.
7. Protokolo honen aurretik bazegoen zerbait?
Zerbait egongo zela imajinatzen dut. Egia da ere elkargoaren kartela iritsi zitzaigula eta informazio gehiago iritsi behar omen zela, baina ez genuen jaso. Mankomunitateari esker jaso genuen informazio gehiago.
8. Emakumearen kontrako indarkeria egoeraren bat bizi izan duzue?
Momentuz ez; eta atzetik zerbait egon daitekeen susmoa nik behintzat ez dut izan.
9. Orain dituzuen tresnak baliagarriak dira.
Bai, noski. Prebentzio eta aholkularitza eman dezakegu orain, jakin dezaten tresna horiek guztiak dituztela egoera horretatik atera ahal izateko. Baina, esan bezala, ezin dugu behartu eta ezin dugu baimenik gabe, esaterako, polizia deitu.
10. Zer suposatzen du zuendako?
Oso ongi iruditzen zaigu laguntzea. Hoberena izango zen horrelako egoerarik ez tokatzea, baina badakigu indarkeria matxista asko dagoela, baita ikusten ez den asko ere, eta oso zaila da azaleratzea. Argi dago, nire aurrean gizon batek emakume bat gaizki tratatzen badu ez dudala onartuko. Etortzen badira laguntza eske, laguntzeko prest. Egoera oso zailak izaten dira.
11. Farmazia guztiek parte hartzen duzue?
Nik uste dut baietz. Nafarroako Gobernutik datorren zerbait da.