Irurtzungo plazan, udaletxe azpian, komuna publikoak daude 2016az geroztik. Otsailaren 27an, astelehenarekin, alkatea udaletxean zegoela kea usaina atzeman zuen eta, azkenean, ohartu zen komuna publikoetatik zetorrela. Atea zabaldu eta ke ugarirekin topo egin zuen. Su itzaltzailearekin sua itzali zuten. Antza, paperontziei eman zieten su. Garrek plastikozko elementu batzuk urtu zituzten. Zenbait baldosa ere aske gelditu ziren eta kisu laminatuzko plaka batzuk ere hondatu ziren. Gainera, keak guztia belztu zuen. Azken hori garbitzeko udal garbitzaileek gogoz lan egin behar izan dute, eta bestelako kalteak konpontzen, berriz, udaleko zerbitzu anitzetako langileak ari dira.
Aitor Larraza Carrera alkateak azaldu duenez, “komuna publikoak, orokorrean, oso ongi funtzionatzen du. Jendeak eskertzen duen zerbitzu bat eskaintzen du. Horregatik, pentsatu nahi dugu pasa zena zerbait puntuala izan zela”. Larrazak gaineratu duenez, “jendeak konturatu behar du komuna herri guztiarendako eta bisitariendako zerbitzu publiko bat dela. Eta, horregatik, zaindu beharra dagoela”.