Astekaria

Musika eskola eta auditorio egitasmoak itxaron egin beharko du

Guaixe 2023ko mar. 15a, 13:01

Emakumezkoa musika eskolarantz joaten. ARTXIBOA

Udalak eraikin berria liburutegi ondoan eraikitzeko dirulaguntzarik ez du lortu, oraingoz. Aurtengo aurrekontuetan musika eskolaren birgaitze integrala jasota dago. Eta, laguntza jasoz gero, igerilekuak legedira egokitzeko lanak hastea ere.

Irurtzungo Udalak aurtengo aurrekontuak asteartean onartu zituen EH Bilduren aldeko botoekin eta UPNren abstentzioarekin. Udalak 3.105.863 euroko aurrekontua izanen du, joan den urtean baino 195.863 gehiago. %6,73ko hazkunde hori eginen diren bi inbertsioren ondorio direla azaldu du Aitor Larraza Carrera alkateak. Alde batetik, musika eskolaren birgaitze integrala eginen du udalak. Eraikinean honako lanak eginen dira: igogailua jarri, fatxadetako inguratzailea hobetuko da energia eraginkortasuna hobetzeko, amiantozko teilatua kendu eta teilak jarriko dira, argindarra sortu eta eraikinean bertan kontsumitzeko eguzki plakak jarriko dira eta eraikin guztiko elektrizitate azpiegitura berrituko da. Gainera, behe solairuan dagoen Larrazpi gazte lokaleko leihoak ordezkatuko dira. Larrazak azaldu duenez, "Europako funtsen bidez MITMAk 252.105 euroko dirulaguntza jaso dugu eta, horrela, 346.500 euroko inbertsioa eskatzen duten lanei aurre egiteko aukera izanen dugu". 

Gainontzeko toki erakundeen modura, Irurtzungo Udala Nafarroako Gobernua Toki Azpiegituren Plan berriaren ebazpena iritsi zain dago. "Dirulaguntza jasoko bagenu igerilekuak egungo legedira egokitzeko lanen lehen faseari ekinen genioke. Uste dugu premiazko inbertsioa dela", azaldu du alkateak, eta gaineratu du: "oso azpiegitura handia da. Sakanako igerileku olinpiko bakarra da". Jakinarazi duenez, 667.076,73 euroko (BEZ kanpo) aurrekontua du proiektuak eta 160.000 euroko dirulaguntza jasotzea espero dute. "Lanen beste zati bat diruzaintzako gerakinarekin finantzatuko litzateke. Baina gobernuak plana ebatzi ondoren, proiektuaren ekonomia bideragarritasuna behin betiko baloratuko dugu", argitu du alkateak.

Udalaren asmoen artean dago musika eskola herri erdigunera eramatea eta 200 pertsonarendako auditorioa egitea. Liburutegiaren ondoan jaso nahi luke. Larrazak azaldu duenez, "gobernuko hainbat departamenturekin bilerak egin ditugu hornidura eraikin berri bat eraikitzea ahalbidetuko zigun finantzaketa lortzen saiatzeko, baina ez dugu lortu".

Energia eraginkortasuna
Musika eskolan jarriko den autokontsumorako instalakuntza udalak duen hirugarrena da. Kiroldegikoarekin kiroldegia bera, frontoia eta eskola hornitzen dira eta liburutegikoarekin liburutegia eta udaletxea. Udaletxeak, gainera, biomasa galdara du. "Atakondoa eskolan halako bat jarri nahi genuke eta horretarako proiektua lantzen ari gara", jakinarazi du alkateak. "Horren ondoren herritarrekin energia komunitate publiko bat lantzeko ideia dugu. Kiroldegiko teilatua erabiliko genuke argindarra sortzeko", aurreratu du Larrazak. 

Horri lotuta, aurrekontuetan 15.000 euroko diru poltsa dago Nasuvinsarekin hitzarmena egiteko. "Urbasa, Artadia eta Ardantzeta kaleak interes globaleko bi proiektuetan sartuta daude. Hitzarmen horren bidez, etxebizitza blokeak zaharberritu edo birgaitu nahi dutenek teknikoen aholkularitza jaso eta dirulaguntzen kudeaketan laguntza izanen dute", azaldu du alkateak. 

Bestetik, hirigintzarekin lotuta, Larrazak jakinarazi du Lizarra kalearen eta saihesbidearen artean dagoen lursailaren urbanizaziorako lanak emateko deialdia aurki eginen dela. 507.282,91 euroko inbertsioa da (BEZ kanpo). "Lehen faseak partikularren eta udalaren lurrak hartzen ditu eta hor 30 partzela sortuko dira. Bigarren fasea, lur pribatuetan dago eta han bederatzi partzela sortzea aurreikusten da. Baina, azken hori lur jabeak egoki jotzen duenean garatuko da", zehaztu du Larrazak. Bestalde, joan den urtean hasitako lanei segida eman eta Atakondoa eskolako pasabideak hobetzen segituko dute aurten. Udalak 25.000 euro bideratu ditu lan horiek egin ahal izateko. 

Diagnosia eta plana 
Irurtzungo kulturartekotasunaren diagnosia egin zuen joan den urtean udalak. Alkateak azaldu duenez "udalarendako oso garrantzitsua da diagnosi hori eta hurrengo urteetan jarraipena eginen diogu". Han jasotakoei erantzuna emateko aurten Atakondoa eskolan eta herritarrekin hainbat ekintza eginen dira. Horiek gauzatzeko 5.500 euro bideratuko dira. Bestetik, aurki saihesbidea zabalduko da eta horrek herri erditik pasatzen den trafiko kopuru handia kenduko du. Horren jakitun, udalak mugikortasun plana sustatu du. "Dagoeneko martxan dago. Irurtzundarrekin aurreneko kontaktua izan dugu. Jaso ditugu zenbait gauza. Asmoa da hauteskundeen ondoren, udazkenean, parte hartze prozesua egitea", argitu du alkateak. 

Udalak aurten ere irurtzundarren esku 35.000 euro jarriko ditu zein erabilera eman nahi dieten zehazteko. Kopuru hori izanen dute parte hartze aurrekontuek. Kultura Kontseiluak 121.000 euroko aurrekontua izanen du eta musika eskolaren aurrekontua, berriz, 168.527,68 eurokoa da. Bestalde, kirol eta kultura taldeekin lankidetzan aritzeko apustua egin du udalak, eta, dagoeneko, sei lankidetza hitzarmen sinatu dituzte, 9.600 euroko poltsa dutena. Bestetik, gazteria, kontziliazio, ingurumen, eraldaketa digital, euskara eta berdintasun gaietarako 25.800 euro ditu.

 

Kontratazioak
Irurtzungo Udalak ohi duenez garapen bidean dauden herrialdeetan proiektuak egiteko 10.973 euro bideratuko ditu. Alkateak nabarmendu duenez, “legegintzaldi osoan bezala, gure aurrekontuetan funtsezko zutabeetako bat arlo soziala da. Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateari %10 gehiago eman zaio, 62.000 eurora helduz”. Larrazak gaineratu duenez, “larrialdietarako laguntza programen eta Iturraskarriren bidez (15.000 euro), bazterketa arriskuan dauden familiei babesa ematen zaie, eta egindako kontratazioek nolabaiteko egonkortasuna emanen diete Bizitzeko Gutxieneko Diru sarrera jasotzen dutenei edo Enplegu Sozial Babestuaren programan daudenei”. Horretarako 119.739 euroko poltsa onartzen da.

Bulkada horren ondorioz, Irurtzungo Udalak aurten 20 bat pertsona kontratatuko ditu aurten: 8 igerilekuan aritzeko, zerbitzu anitzetarako 4, Iturraskarrirako 4 edo 5 eta Babestutako Gizarte Enplegurako 3 edo 4. Lanarekin lotuta, Akabarro industrialdean mugimendua izan dela azaldu du alkateak: “mekanika eta txapa tailer bana ezarri dira, batek pabiloia utzi eta berria eraiki du. Gainera, hutsik zegoen beste pabiloi bat bete da. Enpresek kontratazioak egin dituzte”. Industrialdearen parean Inasa egon zen. Hari buruzko liburua eta dokumentala Langileen Egunaren inguruan mustu nahi luke udalak. 

Alkateak jakinarazi duenez, aurten ez da erosketa bonurik izanen. “Lehia desegokia dela esan digute. Pandemia garaian eman zituzten legeekin bagenuen horrelakoak egiteko bermea. Baina hura pasata ezin dugu halako gehiago egin. Beraz, dendariekin herriko merkataritza sustatzeko lanketa eginen dugu”, azaldu du Larrazak. 

Bestalde, alkateak gogorarazi du Sakanako Mankomunitateko Batzar Nagusiak erabaki zuela Josefina Arregi klinikaren handitzea diruz laguntzeko partida bat sortzea, eskualde osoari ematen dion zerbitzua hobetzeko. “Akordio horren ondorioz, Irurtzunek osotara 154.111 euroko ekarpena egingo dio Mankomunitateari”.