Osasuna Magnan Xotak sailkapenean azkena den Levante hartu zuen ostiralean Anaitasuna pabilioian. Talde nafarrak partida oso serioa egin zuen. Atsedenaldia baino lehen Roberto Martil kapitain irurtzundarrak taldea aurreratu zuen eta bigarren zatian Rosic-ek bigarren gola sartu zuen. Partida bukaeran Levantek aldea murriztea lortu zuen (2 eta 1), eta Asier Llamas atezainak azken unean egindako geldialdi bikainari esker, garaipena eta hiru puntuak Nafarroan geratu ziren.
“Hiru puntu hauek oso garrantzitsuak dira gure helburutik gertuago egoteko” nabarmendu zuen Imanol Arregi entrenatzaileak.
Hurrena, derbia
Lehen Mailako areto futboleko ligan Barçak jarraitzen du lider sendo (52 puntu) eta Osasuna Magna Xota hamargarren postura igo da (24 puntu), eta jaitsiera postuak 7 puntura ditu. Datorren jardunaldian derbi nafarra dago jokoan. 22 punturekin sailkapenean hamabigarren eta arerio zuzena duen Aspil Ribera de Navarra taldea izango du aurkari Osasuna Magna Xotak. Partida marsuaren 18an jokatuko da, larunbata, 18:00etan, Tuteran. Lehia handia espero da, derbia izateaz gain bi taldeak puntu faltan daudelako.